uriola.eus

Iñigo Gomez: “Pozgarria da Goya sariak lantaldeko kide guztien artean banatzea”

  Kultura-aisialdia  Otxarkoaga - Txurdinaga

Sari bikoitza eskuratu du Uniko ekoiztetxeak aurtengo Goya sarietan. Psiconautas eta Decorado-k animazioko pelikula eta film labur onenaren Goya saria eskuratu dute, hurrenez hurren.

Iñigo Gomez: “Pozgarria da Goya sariak lantaldeko kide guztien artean banatzea”
Argazkia: Uniko ekoiztetxea | Ikusi handiago | Argazki originala

Dobletea izan da Uniko ekoiztetxeak 2017ko Goya sarietan lortutakoa?

Guk horrela bizi izan dugu. Decorado film laburrean ekoizpen-kuota handia izan dugu. Ekoizpena ez ezik, muntaketa, bikoizketa eta castinga zuzendu ditugu. Psiconautas-en, ordea, kuota txikiagoa izan dugu. Baina oso inplikatuak sentitu gara bertan. Hiru bat urte eman ditugu proiektua lantzen eta aurkezten gauzatu ahal izateko.

Zer sentitu duzue zuen lanak saritu dituztenean?

2012an lortu genuen lehen Goya saria Birdboy-rekin. Ezusteko handia izan zen, esperientzia zoragarria. 2014an Unicorn blood-ek Goya sarietan izendapena eskuratu zuen, baina saririk ez. Atarian geratu zen. Aurtengoa bonba bat izan da. Bi sari. Pozgarria izan da guretzat eta lantalde osoarentzat. Inguruko jendearen berotasuna sentitu dugu. Bilboko Udalak eta Portugaleteko Udalak harrera egin digute ohore eta guzti. Harro gaude. Baina azpimarratu behar dugu Albertok eta Ivanek saria jasotzean aipatu zutena, horrelakoa baita errealitatea. Hau talde-lana da. Animatzaileena, irudigileena… lantaldeko jende guzti hori gabe ez genukeen saririk lortuko. Pozgarria da sariak kide guztien artean banatzea.

Zelan definituko zenuke Decorado film laburra?

Alberto Vazquezek bere ideia zoroa azaldu zigunean zalantzaren bat edo beste izan genuen, baina ziur geunden bai publikoaren artean bai jaialdietan funtziona zezakeela bere lengoaiagatik, biraketengatik eta azaltzen duenagatik oro har. Ez genuen sari-zaparradarik espero. Baina hainbat sari jaso ditu.

Film kritikoa da.

Bai, gizartearekin kritikoa da, gure harremanen munduarekin. Dekoratutzat dugun norbere bizitza apaintzeko joeraz mintzo da. Ohi bezala Albertoren umore garratza ez du falta. Mundu propioa du Albertok, istorio krudelak umorea erabiliz lantzea atsegin du.

Zein bide egingo du aurrerantzean Decorado-k? 

Film laburren zirkuituak urte eta erdi iraun ohi du. Guk iaz estreinatu genuen Cannesko zinemaldian Decorado. Hortaz oraindik urte erdi du aurretik. Deitzen diguten jaialdietan erakutsiko dugu.

Zein da film laburren osasuna? Hobetu al da?

Kontsumo ohiturak asko aldatu dira, eta egun albiste laburrak eta pieza laburrak kontsumitzen ditu jendeak. Baliteke kontsumo joera berriak laguntzea film laburren osasuna hobetzen. Dena den, istorioak neurri laburrean kontatzeko erraminta izan dira beti laburrak.

Eta animazioaren osasuna hobea da?

Bogan dago geroz eta gehiago animazioa eskaintzen duen baliabideengatik. Sekulako aukera ematen du, esaterako, animalia itxurako irudiei gizakion bereizgarriak eransteko, hitz egiteko edota sentitzeko gaitasuna, besteak beste. 

2009an sortu zenuen zure bazkide Ivan Miñambresekin batera Uniko ekoiztetxea. Zer da zehazki egiten duzuena?

Ikus-entzunezkoen ekoizpena: film labur eta luzeak, spotak eta online plataformentzat eduki asko ekoizten ditugu. Geroz eta gehiago filmak. Une honetan errealizatzaile italiar baten Contaclana bukatzen ari gara eta laster hasiko gara banatzen eta erakusten. Aldi berean, Unicorn´s war pelikularen aurrekoizpenean ari gara, finantziazioa bilatzen eta lantaldeak sortzen.

Sariek lagundu al dizuete proiektu berrietan?

Ezagunagoak gara lortutako sariei esker, eta gure ibilbidean pilatutako eskarmentuak erraztu egin digu apur bat bidea. Sariak funtsezkoak dira filmak egin ahal izateko eta telebista kateetako ordezkariekin eta inbertsoreekin diru-laguntzei buruz hitz egiteko.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa