Goikoetxe baserriko atarian meza ospatuko dute abuztuaren 5ean, 11:00etan. Jaungoikoaren hitza entzun ostean, txosna zabalduko dute Arbolantxa auzoan. Txosna ingurura bertaratzen direnek Joseba eta Mertxe txalapartariak eta Etxahun Lekue eta Beñat Ugartetxea bertsolariak entzuteko aukera izango dute. Eguerdian, berriz, dantzari ekingo diote. Erromeria izango da Kurrusko trikitixarekin. Eta 15:00etan mahaiaren bueltan elkartuko dira mahatsorriak herri bazkarian.
Justo eguna edo Justugune abuztuko lehen zapatuan ospatu ohi zuten mahatsorriek San Justo ermitaren inguruan. Egun desagertuta dago ermita. Artxandako malda batekoak eta bestekoak, Begoñako elizateko eta Txorierriko biztanleak elkartzen ziren egun pasa egitera. Usadioa, baina, galdu egin zen 1995ean Pa Ya konpartsako lagunek Arbolantxako auzotarrekin batera berreskuratzeari ekin zioten arte. Ordutik abuztuko lehen zapatuan Justugune ospatzen da Mahatserrian.