Auzoviet 1917+100

uriola.eus 2017ko urr. 23a, 13:24

Auzoviet egitaraua

Errusiako iraultzaren 100. urteurrena ospatzeko, Mahatserri Kultur Elkarteak eta Pa…Ya konpartsak aste honetarako hainbat hitzaldi eta ekimen prestatu dituzte.

Auzoviet 1917+100 ekimenaren astea gaur hasiko da Otxarkoagako auzoan. Pa…Ya Konpartsak, Mahatserri Kultur Elkartearekin bat, hainbat aktibitate eta ekitaldi prestatu dituzte aste honetarako.

Bertan, iraultza horren ideiak nola gaurkoratu bilatuko dute. Gaur, ‘Astelenin’, Feminismoa eta iraultza hitzaldia egongo da. Bertan, GITE-IPESeko Lurdes Rodriguez egongo da.

Bihar, ‘Marxtitzena’, berriz, Nazioa eta klase borroka hitzaldia eskainiko du Ezker Abertzaleko Joseba Alvarezek. ‘Azteaztekin’ean gazteen ordua helduko da. OGAk (Otxarkoagako Gazte Asanblada) eta bere kideek Gazteak eta iraultza izeneko hitzaldia prestatuko dute.

‘Maostegun’ean filma eta solasaldia egongo dira. Bertan, Potemkin korazatua film klasiko ederra ikusi ahal izango da, eta ostean, Iratxe Fresneda zinema zuzendariarekin bat solasaldia egongo da.

Asteburuari begira, ‘Barikunin’ egunarekin hasiko dira. Bertan, Sindikalismo tradizionala eta ikusezina hitzaldia egongo da. Parte Hartuzeko Eneko Ander Romero eta konpartsakide den Itsasne Nunez izango dira protagonistak. Astean zehar egingo diren ekitaldi, solasaldi eta film emanaldiak 19:00etan hasiko dira Otxarkoagako auzo etxean. 

Larunbatean, berriz, ‘Zapatrotsky’ eguna izango da, eta goizean-goiz hasiko dira. 11:00etan Iraultza sobietarraren esanahia eta gaurkotasuna Euskal Herrian hitzaldia egongo da, Yolanda Jubetok, Gabriel Ezkurdiak eta Saul Kurtok hartuko dute parte. 13:30ean lore eskaintza egingo dute sobietar iraultzari, Kepa Enbeitia plazako Lenin eta Marxen bustoan.

Bukatzeko, auzo bazkarian elkartuko dira hainbat lagun. Mahatserri Kultur Elkartean parte hartzeko izena eman daiteke. Bazkariaren ostean, musika kontzertua egongo da. Mikel Inunziaga 'Inun' kantagileak itxiko du Auzoviet astea.