Torturak argitara ekartzeko ahalegina

bertonaldizkaria 2017ko urr. 27a, 11:59
Martin Orbe, 'Apaizak ere torturatuak' liburua eskutan

Hogei apaiz torturaturen lekukotzak jaso ditu Martin Orbek Apaizak ere torturatuak (Intxorta 1937 Kultur Elkartea, 2017) liburuan. Torturatutako euskal herritarrak “askoz gehiago” izan badira ere, torturaren praktikaren “neurria” ondo adierazten duen “lagina” da liburuan jasotakoa. 1968koa da lehen lekukotza, 2003koa azkena. 

Aspaldian asko aipatzen da “errelatoa egin behar dela”. Behar hori azpimarratzen denean, Martin Orberen esanetan, “Euskal Herriko azken borrokaren errelatoaz” ari dira batzuk eta besteak. Eta zeregin horretan, Espainiako Gobernua “irabazleen errelatoa inposatu nahian” ari da. “Beldurgarria”, Orberen iritziz. Horregatik sentitu du “benetako errelatoa egiteko orduan” ezin direla torturak kanpoan geratu. “Milaka” torturatu izan direlako euskal heritarren artean, “interes ilunengatik, temakeriaz, ukatzen direnak”. Berak, “zerrenda ikaragarritik” batzuk “ilunpetik argitara ateratzea” erabaki du: “Tortura inoiz justifikatu ezin denean, ezta salbuespenezko kasuetan, edota guda egoeretan ere, merezi du zerrenda beldurgarri horretan ere apaizena tartekatzea”. 

Bere kasua ez ezik beste apaiz batzuena ere bildu du Apaizak ere torturatuak (Intxorta 1937 Kultur Elkartea, 2017) liburuan. Guztira, 20 lagunena. Horietatik zazpi dira Bilbon jaio edota bizi direnak. Orbe bera, Juan Mari Zulaika, Kepa Arrate, Tasio Erkizia, Jose Antonio Kalzada, Txomin Artetxe eta Jabier Olabe.

Liburua, mugatua izanik ere, “torturaren praktikaren tamainaren lagin esanguratsua” da. Izan ere, Euskal Herriko Hegoaldeko lau probintzietako kideak dira 20ak. Hamairu apaiz sekular, bi frantziskotar, bi jesuita, laterandar bat, sakramentino bat eta eskolapio bat. Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Gernika eta Madrileko polizia-etxeetan torturak jasandakoak; batzuk Polizia Nazionalaren eta beste batzuk Guardia Zibilaren mende jasandakoak. 1968koa da lehen kasua, Juan Mari Zulaikarena, 2003an Egunkaria-ren aurkako operazioan atxilotutako Txema Auzmendirena azkena. 

Salaketa egitea eta gogoeta eragitea da liburuaren helburua. Partaideek beren lekukotasunarekin ez dute gorrotoa zabaldu nahi, ez borroka politikoa elikatu nahi ere, “justizia, giza eskubideen defentsa eta gizabanakoaren duintasunaren balioa indartu bizik. Etorkizuneko oinarri garbia izan dezagun, irmo denok aurrera egiteko”.