Kezka eta beldurraren aurrean, otxarkoagatarrek mobilizatzea erabaki dute

uriola.eus 2018ko urt. 19a, 11:38

Laurogei urte baino gehiagoko bikote bat hilik aurkitu dute bere etxean indarkeria zantzuekin. Hipotesi nagusiaren arabera, lapurreta egitera sartu ziren bikotearen etxean. Auzotarren artean kezka eta beldurra zabaldu da azken hilabeteetan Otxarkoagan ugaritu diren lapurretengatik. Gaur, "segurtasun falta" salatzeko eta "aski da" esateko auzotarrek mobilizatzea erabaki dute.

Ertzaintza froga bila dabil atzoko 15:00etan Lucia eta Rafaelen gorpuak buruan kolpeak zituztela eta euren etxeko objektuak nahastuta aurkitu zituztenetik. Polizia hipotesi guztiak aztertzen ari bada ere, lapurreta da hipotesi nagusia. Berria zabaldu bezain azkar, kezka, ardura eta izua zabaldu da Otxarkoaga auzoan. Karlos bizilagunak auzoa "suntsituta" dagoela zioen, "minduta, haserre, amorratuta" gertatutakoarekin. Izan ere, auzotarren esanetan, azkenaldian asko ugaritu dira lapurretak inguruan.

Horregatik erabaki zuten atzo arratsaldean auzotarrek batzartzea eta gaur, ostirala, mobilizatzea. 'Aski da! Otxarkoaga no se calla, también se mueve. Auzoa bizirik' leloarekin Kepa Enbeita enparantzan 20:00etan jarri dute hitzordua. 

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak doluminak helarazi zizkien Lucia eta Rafaelen senideei, eta "lasaitasunerako deia" egin zuen "ikerketa poliziala amaitu arte". Gaineratu du Ertzaintzaren ikerketarako, Udalak dituen baliabide guztiak eta kideak bere eskura jarri dituela, gertatutakoa ahalik eta lasterren argitzeko.

Lucia eta Rafael bikote ezaguna zen auzoan, Los gallegos ezizenarekin ezagutzen zituzten askok, besteak beste urtetan izan direlako auzo erdigunean kokatuta egon den pintura dendako jabe.