Segurtasun sailak adierazi duenez, asteburu honetan, Balmasedan, poliziak lehenengo gaztea atxilotu zuen A.E.J. izenekoa. Hilketaren orduan, etxe horretik irtetetzen ikusi omen zuten, eta bera izan da Ertzaintza bilatzen hasi zen susmagarria. Larunbatean, eguerdian, Balmasedan antzeman zuten.
Handik gutxira, egun horretako arratsaldean, adin bereko beste gazte bat bere kabuz aurkeztu zen Miribilla auzoan poliziak duen egoitzan. C.E.J. bere amarekin joan zen, eta beste gaztearekin etxe horretan egon zela aitortu omen zuen.
Beraz, poliziak lehenengo unetik bilatzen ari zen susmagarriak atxilotu ditu. Oso gazteak izan arren, biek aurrekari penalak dituzte, etxeetan eta adin nagusiko jendeari lapurreta egiteagatik. Zornotzako jokalariaren kasuan ez bezala, hauek 14 urte dituzte, eta epaileak horrela erabakitzen badu, beraien delituengatik epaituak izan daitezke.
Otxarkoaga auzoa
Auzokideak, bestalde, ostiralean kalera irten ziren. Euriaren azpian hainbat pertsona bildu ziren “Otxarkoaga ere mugitzen da, aski da!” pankartarekin. Izan ere, auzoa asko aldatu da azkenengo urteetan, eta gaur egun ez dauka aspaldi ezagutzen zen gatazkez betetako auzoaren antzik.
Lan hori auzoko erakundeek egin dute, etengabe, azkenengo urteotan. Eta honelako gertakizunek euren auzoaren izena berriro kaltetzen dutela adierazi dute. Gaur, ostiralean egin zuten bezala, auzoko elkarte guztiak bilduko dira auzoan dituzten arazoak konpontzen jarraitzeko.
Hauek Udalaren laguntza faltan botatzen dute. Auzoak onera egin du azken urteetan, baina, batez ere, auzokideek egin duten lanagatik. Ostiraleko elkarretaratzera alkatea txistu artean hurbildu zen, auzoak horrela eman zion ongi etorria; Bilbon ahaztua izan den auzoa izan dela adierazi zuten.
Boluetako harrapatzea
Gabonetan Boluetako auzoan oinezkoa harrapatu zuen gidaria, bigarren gazteak egin duen bezala, Miribillako Ertzaintzaren egoitzan aurkeztu da. Bere ibilgailua, BMW beltz bat, harrapatzea gertatu eta hurrengo astera topatu zuten. Horregatik poliziak gidaria nor zen bazekien. Bere bila ibili ostean, gidaria bera izan da bere kabuz Ertzaitzaren aurrean aurkeztu dena.