Euskararen aldeko jardunaldia antolatu dute Otxarkoagan

uriola.eus 2018ko mar. 2a, 13:40

Margotzen hasi diren murala

Euskaitz Otxarkoagako Euskara Taldea egitasmoa aurkeztuko da asteburu honetan Bilboko auzoan. Bihar, martxoaren 3an, euskararen aldeko egun osoko jardunaldia egongo da eta, horretarako, bertso-bazkaria, trikipoteoa, erromeria eta horma-irudiaren amaiera antolatu dute.

Zerbait mugitzen ari da Otxarkoagan, hori izan zen erabili zuten eslogana Kaiene proiektua aurkeztu zutenean, eta auzoa etengabe mugitzen darrai. Kasu honetan, euskararen aldeko ekintzak aurkeztuko dituzte asteburu honetan. "Nork pentsatzen zuen Otxarkoagan ez dela euskaraz egiten?"

Hileko lehenengo ostiral guztietan euskal poteoa antolatzen dute. Geltoki tabernan hasten dira, metroak auzoan duen irteeraren parean dagoen tabernan. Auzokideak ez diren, baina ekintzan parte hartu nahi dutenei animatzeko. Arratsaldeko 19:30ean eskatzen dute lehenengo erronda eta hortik aurrera Otxarkoagako hainbat tabernetatik pasatzen dira, giro ederrean eta euskaraz mintzatzeko eta praktikatzeko nahiarekin.

Euskal poteoa sortu berri den Euskaitz Euskara Elkarteak antolatzen du. Egitasmoari bultzada bat emateko, hileko lehenengo asteburu honetan euskal poteoaz gain, bertso-bazkaria, trikipoteoa eta erromeria antolatu dute hurrengo egunean, martxoaren 3an alegia. 

Eguna horma-irudiaren amaierarekin hasiko da. Ugarte kaleko 13. zenbakiaren alboan, Mahatserri tabernaren atzekaldean, euskararen aldeko mural bat margotzen ari dira. Atzo lanari ekin zioten eta horma garbitzeaz gain atzealde zuria margotu zuten. Gaur goizean margotzen jarraituko dute eta larunbat goizerako prest egotea espero dute.

Euskararen aldeko horma-irudia bukatu eta gero, Puri eta Mari taldearekin trikipoteoa antolatu dute auzoa girotzeko. Ondoren, bertso-bazkaria etorriko da. Bertan, Oihana Bartra eta Arkaitz Estiballes egongo dira abesten. Sarrerak 10 eurotan jarri dituzte salgai eta tiketak Txalaparta, Mahatserri eta Geltoki tabernetan eskuratu daitezke. Bazkarian aukera beganoa egongo dela adierazi dute antolatzaileek.

Eguna bukatzeko, arratsaldeko 19:00etan, Mugalariak taldearen eskutik erromeria egongo da Ugarte plazan. Antolatzaileek parte hartzea eta euskararen erabilpena sustatu nahi dute eta hori izango da jardunaldi honetako xedea. Euskaraldiarekin bat egingo dute eta epea heldu aurretik honelako ekintzak antolatzen jarraituko dutela esan dute.