GoiEner elkarteak antolatutako Txispaz kontsumitu bideo lehiaketaren berri zabaldu zuen ikasturtearen hasieran. Bideo laburrak emateko epea, berriz, otsailaren 28an amaitu zen.
Hainbat eskola, ikastola eta ikastetxetako 29 bideo aurkeztu ziren lehiaketara. Lehen Hezkuntzari dagokionez, Txurdinaga eskolako 4. mailako ikasleek aurkeztutako bideoa, Energia gure bizia, hautatu zuten irabazle.
Lau minutu eta hamazazpi segundo irauten duen bideoan ikasleek gelan suertatzen diren egoerak antzezten dituzte; hala nola, argiak ez itzaltzea, ura alperrik erabiltzea, berogailua behar ez denean piztuta izatea eta paperaren gehiegizko erabilera. Bertsotan aritu ondoren, egoera berdinak baliabideak xahutu gabe egiten dituzte.
GoiEner elkarteak gaur egungo eredu energetikoa aldatzea du helburu. Sentsibilizazio eta trebakuntza-lanak egiten ditu aurrezpen eta efizientzia energetikoaren arloan. Gainera, lankidetzan jarduten du helburu berdinak dituzten beste elkarte batzuekin.
Eskoletan energiaren xahutzeaz eta irtenbide posibleez ikasleak eta familiak sentsibilizatzeko antolatu zuen bideo lehiaketa. Bideo lehiaketaren sari banaketa probestuz jardunaldi oparoa antolatu du larunbat honetan Zazpi Kaleetako Yohn jauregian, La Bolsan, alegia.
Txispaz kontsumitu jardunaldia
Goizeko 10:00etan hasita, areto nagusian hiru mahai inguru egingo dituzte, 12:45ean sari banaketarekin bukatzeko.
Lehenengo mahai inguruan Energia aurreztea etxean gaia hizketagai izango dute Koldo Martin Escudero UPV/EHUko Ingeniari Eskolako irakasleak eta Jokin Castaños GoiEner kooperatibako teknikariak.
Bigarrenean, 10:45ean, Energia aurreztea ikasgelan zelan egin daitekeen azalduko dute Jose Manuel Gutierrez Ingurugelako arduradunak eta Txipaz kontsumitu lehiaketako bideo sarituaren egileek.
15 minutuko atsedenaldiaren ostean, azken mahai ingurua 11:45ean izango da. Energia aurreztea gizartean gaia jorratuko dute Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkateak, Ane Garavilla GoiEnerreko kideak eta Ekosozialistako taldekide batek.
Bukatzeko, 12:45ean sariak banatuko dituzte.