Otxarkoagaren urteetako historia, bitxikeriak eta ondarea ezagutzeko bisita gidatuak

uriola.eus 2018ko api. 26a, 08:54
Otxarkoagako azoka eta zinea (Argazkia: Bilbao Izan)

Bilbao izan programaren baitan antolatzen diren bizita gidatuak Begoñako elizatea izan zenaren zenbait txokora helduko dira, Otxarkoagatik hasi eta ondoren Txurdinagatik, Zurbaran-Zurbaranbarritik eta Loruritik jarraituz.

Maiatzaren 8tik 31ra oinezko ibilbide gidatuak antolatu dituzte Otxarkoagan zehar, Kepa Enbeita Urretxindorra plazatik (Bilboko Metroaren ahoaren aurrean) abiatuta, auzoaren azken urteetako historia, bitxikeriak eta ondarea ezagutzeko. Tokiko ondarearen hedapenerako bisita gidatu horiek 2005ean jarri ziren martxan, eta bisita kopurua handituz joan da, jendearen artean izan duten harrera bikaina dela eta.

Otxarkoaga, 1925. urtean Bilboren esku geratutako Begoñako eliza zaharreko landa ingurunea zen, belardiz, soroz eta baserriz betea. Horien guztien oroitzapenak bizirik dirau oraindik auzoko kale batzuen izenetan. Horrela jarraitu zuen, berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan Hiriak ezagutu zuen hiri eta industria arloko eztanda gertatu arte. Gaur ezagutzen dugun auzoa, hirurogeiko hamarkadaren lehen urteetan ia 4.000 etxebizitza eraikitzea eragin zuen hirigintza arloko proiektu handiaren ondorioa da.

Une horretan sortu zen auzoko elkarte mugimendua, denboran zehar jarraipena izan duena eta gaur egun Otxarkoaga Bilbo osoan elkarte arloko inplikazio handiena duen auzoetako bat izatea eragin duena. Bertako kaleetan, Frantzian 'ahizpa bikia' duen eliza bat, merkatu 'txinatar' bat eta baita Ekoizpen Eszenikoko Zentro modernoa (Harrobia Eskena) ere aurki ditzakegu.

Eta badaude guardien etxeak, txakolin zaharra, edo urte luzez Bizkaia osora donuts ezagunak eraman zituen eta gaur egun desagertuta dagoen Ocharpan lantegitik sortzen zen usaina gogoratzen dutenak. Kaleen izenek lekuaren historiari, antzinako dorre-etxeei eta Erdi Aroko leinuei, baserri lasaiei eta lanbide bitxiak zituzten biztanleei buruz egiten digute berba.

 

Bisitak

Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, astearteetan eta asteazkenetan 16:00etan eta 18.00etan; ostegunetan eta ostiraletan 10:00etan, eta 17:00etan (ostiral arratsaldez euskaraz) eta larunbatetan 10:00etan, eta 12:00etan, datorren maiatzaren 27ra arte. Bisita euskaraz egin nahi duten taldeek eguna eta ordua adostu ahal izango dute. Bisitak ordubete eta erdi inguruko iraupena izango du, eta talde bakoitzak, gehienez ere, 30 pertsona izango ditu. Hori dela eta, beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (astelehenetik igandera, 08:00etatik 20:00etara), gaurtik, hilak 26, aurrera. Bisitarako topalekua Kepa Enbeita Urretxindorra plaza (Bilboko Metroaren ahoaren aurrean) izango da.

 

+Info: www.bilbaokultura.eus