Otxarkoagako kaleetan irudimena erabiliz egin daitekeena

uriola.eus 2018ko mai. 9a, 11:30

Argazkia: Desire Garcia Arias

Sormen tailerretan ikasi dute Otxarkoagako ume eta gazteek kalean, elkarlanean, irudimena erabiliz, gauza asko egitea posible dela, besteak beste, asfaltoan surfean aritzea edota superheroi bihurtuta auzotarrei opariak egitea. Ekimen guzti hauek kalearen erabilera aldarrikatzea eta Otxarkoaga auzoari buruzko aurreiritzi ezkorrak uxatzea dute xede. 

Iñigo Iraultza jaioa da umeen eta gazteen nahi eta gogoa bideratzen. Olentzero munduan, Arraun the world eta Katxopan bezalako proiektuak sustatu ditu orain baino lehen. Otxarkoagan ere jardun da apirilean eta maiatzean Artekale eta Te Veo elkarteekin batera, Bizi eta hezi kalean jardunaldien baitan. Auzoko gazteenei "dena posible dela" ikustaraztea izan du helburutzat, besteak beste, "Otxarkoagaren alde baikorra indartzeko". 

Sormen tailerretan, Iñigok eta Otxarkoagako gazteek Auzoko Superheroiak izeneko taldea sortu dute. Etxez etxe dabilen taldea da. "Auzotarren etxeetan lapurretan egin ordez, opariak uzten dituena", Marcos taldekidearen esanetan. Bera parkourrean abila da, eta salto eta salto jardun da auzotarrei opariak banatzen. Auzoko Superheroien opari banaketa saioa Nitya Lopez eta Juan Dopicok bideo batean jaso dute.

Ekaitz gaztearen surf egiteko ametsari bide ematea izan da sormen tailerreko kideen beste zeregin bat. Irudimena erabiliz, bere auzoan, Otxarkoagan, surf egitea lortu du Ekaitzek, lau lagunek eusten zuten taula gainera igota. Auzotarrek ere parte hartu dute Ekaitzen ametsa egi bihurtzen, eta ura bota zioten taula gainean surfean ari zela. 

Otxarkoagako gazteek lo ere egin dute kalean. Bai, asfaltoan kanpinga jarrita lo egin dute. Egun hartan euria ari bauzen ere, esperientzia oso aberasgarria izan zen denentzat. 

 

Bizi eta hezi kalean jardunaldiak

Joan den astelehenean eta asteartean, hilak 7 eta 8, ikuskizunak, esku-hartzeak eta eztabaidak burutu dituzte Bizi eta hezi kalean jardunaldien baitan. Adituek "gune publikoa berreskuratzeko beharra" eta "kaleko arteek prozesu horretan betetzen duten lekua" azpimarratu dute. Izan ere, kalea "garapen pertsonalerako gune natural gisa" aldarrikatu dute, batez ere umeentzat eta gazteentzat, eta baita "gizartearen elementu eraldatzaile gisa" ere. Gune publikoa "gizarte harremanetarako eta talde eraikuntzarako lekua" dela diote.