"Bakean dagoena Bakean utzi" binakako bakarrizketa egingo dute

uriola.eus 2018ko aza. 26a, 10:06

"Bakean dagoena Bakean utzi" binakako bakarrizketa saioa egingo dute Otxarkoagako auzo etxean, astelehenean, arratsaldeko 19:00etan.

"Binakako bakarrizketa hauetan Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik punta aterako diote euskara eta generoarekin lotutako hainbat konturi: onomatopeiak, amatasuna, gorputz jarrerak, euskarakadak, parranda, hilekoa… beti ere betaurreko umoreak jantzita dituztela. Bakean dagoena bakean uzteko ez daukate gogorik!"

-Monologoak, elkarrizketa modukoak, antzezpenak… Emanaldira hurbiltzen denak zer topatuko du zehaki? Zer nolako saioa da eskaintzen duzuena?

Oholtzaren gainean Mirari eta Idoia egongo gara, euskarari buruz eta gure (emakume) egunerokotasunari buruz ordu bete pasatxo hitz egiten, club de la comedia baten antzera, baina kontakizun bat osatuz. Gu ez gara antzezleak, umoregileak baizik. Gertatzen zaigun hori barre egiteko kodean jartzen dugu, barre eginarazi eta buruari buelta batzuk emateko asmoz. Hiru ardatzetan oinarritzen da "Bakean dagoenak bakean utzi": umorea, generoa eta euskara. Etorri beraz barre egiteko gogoz!
 
-Euskara eta generoari buruzko hainbat kontu aletuko dituzue, beti ere, umorezko tonu batean. Baina betaurreko moreak jantzita igoko zarete oholtza gainera. Bakean dagoena bakean uztea eskatzen duzue, baina zuek gerra emateko gogoz zabiltzate ezta?
 
Hori da, dagoeneko gure izenburua gezurra da, kontrakoa bilatzen dugulako saioarekin. Gauza batzuk ez badituzu astintzen ez dira aldatzen, eta horixe la lortu nahi duguna. Emakumeok umorea egin dezakegula frogatu nahi dugu alde batetik, oraindik ere gizonezkoen mundua baita hau eta aurreiritzi asko baitago. Beste alde batetik, umorearen bidez gai konkretu batzuez hitz egin nahi dugu, izan ere, "emakumeen gauzak" izateagatik askotan ezkutuan egoten baitira (gorputzak, amatasuna, parranda, hilekoa,...). Umorea kritika egiteko eta gauzak iraultzeko oso tresna eraginkorra da, eta hori baliatu nahi dugu barrearen bidez hausnarketa sustatzeko ere. Betaurreko umoreak jantzita aterako gara, baina argi geratu dadila gizonentzat ere badela ikuskizuna. Hain zuzen ere gizonezkoak etortzea ere bada gure helburua, "gure gauzekin" ere ondo pasa dezaketela erakutsi nahi dugulako. Azkenik, hori guztia euskaraz eta euskararekin jolastuz egingo dugu, guretzat hori baita gure bizitzeko eta umorea egiteko hizkuntza.
 
-Lehen saioa iazko Euskararen egunean eskaini zenuten. Hasi zinetenetik hona, asko aldatu al da ikuskizuna?
 
Bai, iazko euskararen egunean igo ginen lehenbiziko aldiz oholtzara eta euskarari buruzko saioa egin genuen osoki. Esperientzia izugarri gustatu zitzaigun eta aspaldidanik buruan geneukan proiektua diseinatzen hasi ginen, euskaraz gain genero ikuspegia gehituz. Behin hori eginda, LANKU kultur zerbitzuekin harremanetan jarri ginen eta ordutik beraien bidez ari gara Euskal Herri osoan saioak egiten. Izugarri eskertzen diegu gugan izan duten konfiantza. Dagoeneko 29 saio egin ditugu eta egia esan harrera zoragarria izaten ari da.
 
-Geroztik emanaldi asko eman dituzue. Prentsan, irratian eta telebistan agertu zarete. Horrelako oihartzunik espero al zenuten?
 
Opari zoragarria izaten ari da biontzat. Aspaldidanik elkarrekin egin nahi genuen proiektua zen bakarrizketena eta orain egi bihurtu dela ikustea sinesgaitza ere egiten zaigu batzuetan. Jendea eta medioen interesa piztu du eta guretzat hori ederra da, umorea jendaurrean egiteko ametsa betetzeaz gain, ikusleen erantzuna oso ona izaten ari delako. Eta guztiaren gainetik, zein ondo pasatzen ari garen biok!