“Otxarkoaga. Lore horiko etxebizitza poligonoa”

uriola.eus 2019ko ots. 6a, 10:33

Lan honetan, Miriam Varela arkitektoaren doktorego-tesia jasotzen da: Bilboko auzo honek arkitekturaren ikuspegitik, 50 urte baino gehiagoko historian zehar, izan duen ibilbidea jorratu du, haren testuinguru soziala aintzat hartuta.

Bilboko Udal Etxebizitzen mendeurrenaren testuinguruan (2018. urtean ospatu da), Bilboko Udalak lan hau argitaratu du, udalaren Etxebizitza Sailaren finantzaketarekin. Ikerketa xehea dugu hau, Otxarkoagaren eboluzioa arkitekturaren eta hirigintzaren ikuspegietatik jasotzen duena, bere testuinguru ekonomiko, demografiko eta sozialean, 1959. urteko lehenbiziko etxebizitza-sustapenetik abiatuta. Estreinako sustapen horrek orduko beharrei erantzun nahi zien, industrializazioak ekarri zuen immigrazio handiaren ondorioz.

Otxarkoaga etxebizitza-poligono gisa nola eraiki zen ez ezik, Miriam Varelak bere tesian aztertu du auzoan nola eboluzionatu duten hirigintzako morfologiak eta eraikinen eta eraikuntza-sistemen tipologiak, baita alor horietan urteetan zehar atzeman diren gabeziak ere.

Lanaren amaieran, egileak gogoeta bat egiten du, Otxarkoaga eta beste etxebizitza-poligono batzuen zaharkitzearen aurrean jardun beharraz, horretarako hiri birgaikuntza eta eraldaketa estrategiak erabiliz eta espazio bizigarria birziklatzeko teknikak aplikatuz.

Tesiaren egileak azaldu du zergatik hautatu duen Otxarkoaga bere lana idazteko: “batetik, auzo honek inpaktu handia izan zuen, eta oraindik ere badu, gizartearen, arkitekturaren, hirigintzaren eta paisaiaren ikuspegietatik; beste alde batetik, diruz lagundutako lehenbiziko poligono zuzendua izan zen Bilbon, tamaina eta dentsitate horiekin”. Gaineratzen du: “arkitekturaren alorreko azterlanik ez dagoenez, ikerketa hau egin dut; izan ere, orain arte Otxarkoagoari ikuspegi historiko eta soziologikotik begiratu izan zaio”.

 

EGILEA: Miriam Varela Alonso

Donostian jaio zen (1980). Han arkitektura-ikasketak egin zituen, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan (2005). Arkitekturan doktore da unibertsitate berean (2017), “Otxarkoaga. Lore horiko etxebizitza poligonoa” izeneko doktorego-tesiari esker, cum laude aipamenarekin. Gaur egun ikerketa-lanetan jarraitzen du, zehazki, etxebizitzari buruz eta 50, 60 eta 70eko hamarkadetako etxebizitza-poligonoen hiri-berroneratzeari buruz. ‘XLark estudio de arquitectura y urbanismo Anton Pagola y asociados’-en fundatzaile eta bazkide da 2006tik; arkitektura, hirigintza, paisaia eta diseinu proiektuak garatzen dituzte. Bestalde, proiektuetako ohorezko kolaboratzailea da DAGET-ETSASSen (EHU-UPV) (2006-2010). Anton Pagolaren estudioan lan egin du 2001-2005etik.