uriola.eus

Maiatzean, Magiak, Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoak hartuko ditu

  Kultura-aisialdia  Otxarkoaga - Txurdinaga

XV. Magia Topaketak hastapeneko ikastaroa, profesionalei zuzendutako mintegia eta amateur mailako “Atera ezazu barruan daramazun magia” lehiaketaren seigarren edizioa biltzen ditu.

Ikastaroetan parte hartzeko izena emateko epea martxoaren 24ra arte egongo da zabalik, www.bilbao.eus udal webgunearen bitartez, eta lehiaketan parte hartu nahi dutenek apirilaren 1etik maiatzaren 2ra arteko epea izango dute, izena emateko eta euren bideoak www.kulturabarrutik.eus/magia helbidera bidaltzeko.

David Blancok Otxarkoagako Udaltegian eskainiko duen magia hastapen ikastaroa, magiaren artea hobeto ezagutzeko interesa duten 16 urtetik gorako guztiei dago zuzenduta. 16 orduko iraupena izango du, apirileko astearteetan eta ostegunetan –2, 4, 9 eta 11an– eskainiko da, arratsaldeko 19:30etik 21:30era. Bertan, David Blancok, ilusionismoaren oinarrizko printzipioak eskainiko dizkie bertaratutakoei, partaideek kartekin, sokekin eta bestelako materialekin jolasak egiten ikas dezaten. Ikastaroak 25 euroko prezioa izango du.

Beste alde batetik, magia mintegia Raúl Alegríak eskainiko du, eta ilusionistei eta arte eszenikoekin erlazionatutako pertsonei dago zuzenduta (akrobatak, clownak, zirkuko artistak, antzerkiko antzezleak…). Ikastaroa, magian eta diziplina batzuetan antzezpenak duen garrantzian zentratuko da. Mintegiak 6 orduko iraupena izango du, eta apirilaren 8an eta 9an eskainiko da, arratsaldeko 19:00etatik 22:00etara, Otxarkoagako Udaltegian. 25 euroko prezioa izango du jende guztiarentzat, eta 20 eurokoa BilbaoEszenako erabiltzaileentzat eta Artekaleko bazkideentzat.

VI. MAGIA LEHIAKETA

Magia Topaketek Amateur mailako Magia Lehiaketa antolatuko dute seigarren urtez jarraian. “Atera ezazu barruan daramazun magia” goiburua eramango du, eta profesional izan barik, eszenatoki baten gainean magia efektu edo trukoren bat egiteko adina ezagutza eta praktika duten 16 urtetik gorako pertsona guztiek hartu ahal izango dute parte. Interesatuek, 2 eta 10 minutu arteko iraupena duen bideoa bidali beharko dute, gutxienez bi magia efektu erakutsiz, www.kulturabarrutik.eus/magia helbidera. Lehiaketarako bideoak aurkezteko epea apirilaren 1etik maiatzaren 2ra bitartekoa izango da.

Aukeratutakoek, maiatzaren 30ean, arratsaldeko 19:30ean, Otxarkoagako Udaltegian, egingo den ekitaldian hartuko dute parte. Bertan hiru sari emango zaizkie partaide onenei, Otxarkoagako eta Txurdinagako merkatarien elkartearen lankidetzari esker. Irabazleak, 300 euroko balioa izango duen erosketa balea eramateaz gain, 2020ko Magia Topaketetan parte hartzeko aukera ere irabaziko du. Bigarrenak eta hirugarrenak, 200 eta 100 euroko, hurrenez hurren, balioa duen magia materiala eta akreditazio diploma jasoko dituzte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa