Auzoko azken banku bulegoak irekita jarraitzea nahi dute Otxarkoagako bizilagunek

uriola.eus 2021ko aza. 23a, 17:08

Aste honetatik aurrera, astearte eta ostegunetan baino ez dute irekiko Pau Casals plazako bulegoa

Egun batetik bestera ordutegia murriztu dute Pau Casals plazako Kutxabanken sukurtsalean, eta behin betiko ixteko lehen urratsa dela uste dute auzokideek. Horren aurka antolatzeko asmoa dauka auzoko familien elkarteak.

Otxarkoaga auzoko azken banku bulegoak, Kutxabank erakundearenak, ez zituen ateak herritarrentzako ireki atzo. Otxarkoagako Familia Elkarteko presidente Cristóbal Riverak azaldu duenez, auzokideek egun batetik bestera izan dute sukurtsalean egongo den zerbitzu murrizketaren berri: "Atean kartel bat jarri dute, esanez aurrez aurreko ordutegia astearte eta ostegunetara mugatu dutela". DSBE bezalako laguntzak kobratu ahal izateko eta antzeko beste zerbitzu batzuetarako irekiko dituzte ateak aldizka, baina kutxa zerbitzua asteko bi egin horietan baino ez da egongo, 08:30etik 12:00etara. Hortaz, ahoz ahokoaren bidez eta inprobisatuta antolatu dute lehen protesta ekimena, eta hamarnaka pertsona elkartu dira gaur goizean bulegoaren aurrean.

10.000 biztanleko auzoa izanik, elkarteko kideek uste dute behar-beharrezko zerbitzua dela banku sukurtsalarena, bereziki bertan bizi den jende nagusiarentzako. Alabaina, susmoa dute ordutegiaren murrizketa hau etorkizunean bulegoa behin betiko ixtera bideratutako aldaketa dena. "Esperientziak" eraman omen ditu auzokideak hori ondorioztatzera; izan ere, Riverak gogorarazi duenez, duela urte batzuk erakunde ezberdinen bulego gehiago zeuden (Laboral Kutxa, garai bateko Bizkaiko Aurrezki Kutxa, BBVA), eta gutxinaka ixten joan dira.

Borrokatzeko asmoa

Familien elkarteko ordezkariak azaldu duenez, Otxarkoagako herritarrak bankuaren itxierari aurre egiteko prest daude. Hala, gaur egin bezala, datorren asteartean ere Kutxabanken aurrean elkartuko dira egoera salatzeko eta zerbitzuak jarrai dezala eskatzeko.

"Sukurtsalaren ardura duen norbaitekin hitz egiten ahaleginduko gara, dagoeneko kokoteraino gaude eta", dio Riverak. Izan ere, oraingo itxieraren aurretik ere bankuak jende nagusiarekiko "begirune falta" erakutsi izan duela uste dute bizilagunek. Esaterako, azpimarratu dute pandemiaren ondorioz barrualdeetako aforoa mugatu zenean eta murrizketak ezarri zirenean jende nagusi askok luzaroan itxaron behar izaten zuela kanpoaldean.

Dena den, Kutxabanken bulegoarekin lotutakoaz haratago ere badute beste aldarrikapen bat esku artean otxarkoagarrek: auzoarentzako Plan Integrala. Hain zuzen, joan den hileko udaleko osoko bilkuran aurkeztu zuten hori eskatzeko mozioa. "Sozioekonomikoki garatzeko plan integrala behar dugu", adierazi du Riverak, eta nabarmendu du suskurtsalaren itxiera "justu kontrako norabidean" doala. Ildo horretatik, auzoan orain dituzten zerbitzuak urriak direla uste du, eta horiek mantendu eta garatzeaz gain, gaur egun ez dauzkaten beharrezko zerbitzu guztiak ekarri eta hurbileko merkataritzaren aldeko apustua egin behar dela.