Euskal literaturaren inguruko ziklo aberatsa prestatu du Otxarkoagako Pa-Ya taldeak, asteburu honetan abiatuko dena. Izen handiko bost idazlek bisitatuko dute auzo etxea hemendik eta udaberriaren amaierara arte.
Ostiralean, hilak 25, 18:30ean, Karmelo Landa gonbidatuarekin egingo dute lehenengo solasaldia, berriki argitaratu duen Bilbon dabil Gabriel Aresti lana aitzakia gisa hartuta. Argitalpenak 20. mendeko bilbotar poeta ezagun haren urratsak jarraitzen ditu gure hirian zehar, eta bere idatziek oraindik ere gordetzen duten gaurkotasuna islatzen du.
Aste honetako hitzordurako prestatu duen aurkezpenean, baina, Arestik Otxarkoaga auzoarekin izandako lotura azpimarratuko du Landak. Izan ere, mahatserriko gune horrek garrantzia berezia izan zuen bere idatzietan, eta horren adibide da Jainkoa jaio da Otxarkoagan kontakizuna eskaini izana, besteak beste. Hori eta beste hainbat pasadizo interesgarri jorratuko ditu Karmelo Landak ostiralean, eta ikus-entzunezko materiala ere prestatu du hitzordurako.
Esan bezala, otsailaren 25eko 18:30ean izango da hitzordua. Dena den, bertaratu ezin dutenek beranduago ikusteko aukera izango dute, Pa…Ya-koek bideoan grabatuko baitute eta saio guztiak Interneten ikusgai jartzeko asmoa baitaukate.
Sarri Otxarkoagan
Martxoaren 18an izango da hurrengo solasaldia, eta egun horretako gonbidatua, nor eta Joseba Sarrionandia, egungo euskal idazlerik entzutetsuenetakoa. 1985. urteaz geroztik erbestean egon ostean, Euskal Herrira itzuli zen iaz. Kuban igaro ditu azken urteak eta, hain zuzen ere, Habanako gaukaria liburu sortaz mintzatuko da Otxarkoagan, zeinetan hiri hartan idatzitako bizipen eta gogoetak batu dituen. 2018an argitaratu zuen Bizitzea ez al da oso arriskutsua? eta hurrengo urteko Airea ez da debalde saiakerek osatzen dute, oraingoz, sorta hori.
Apirilaren 1ean, aldiz, Edorta Jimenez mundakarraren txanda izango da. Nikola Atxikallende; ahaztutako emakume baten istoria izenburudun hitzaldia prestatuko du data horretarako. Sabino Aranaren emazte izandakoaren figurari buruzkoak hartuko ditu ahotan Jimenezek; izan ere, Nikole bijotzekua lana kaleratu zuen idazleak udazkenean.
Literatura zikloko azkenaurreko protagonista ere kostaldetik iritsiko da Otxarkoagara, Lekeitiotik hain zuzen ere. Miren Agur Meabek bere ibilbidean zehar ipuingintza, eleberria zein saiakera (besteak beste) ere jorratu dituen arren, bere ibilbide poetikoan zentratuko da auzo etxeko ikus-entzuleen aurrean.
Azkenik, Mari Luz Estebanen Andrezaharraren manifestua liburuari buruzko solasaldiak itxiko du Pa-Yak antolatutako egitasmoa. Antropologoa izaki, hainbat eta hainbat saiakera idatzi izan ditu Estebanek, baina 2019an argitaratu zuen lan hau poesia liburua da. Dena den, gogoetarako gonbidapena egiten dute orriok ere.
Pa…Ya formularekin egindako errezeta
Elkarlanaren emaitza izan da literatur ziklo berri hau, eta Jon Martinez Petete izan da bultzatzaile nagusietako bat. Ideia nondik nora sortu zitzaion galdetuta, azaldu du, hain zuzen, Edorta Jimenezen Nikole bijotzekua liburuaren aurkezpen ekitaldi batean bururatu zitzaiola. Halako zerbait Otxarkoagan ere egin zitekeela okurritu zitzaion, eta hala proposatu zuen.
Hortik aurrerakoak antolatzeko, hiru elementu izan dira funtsezkoak, Martinezen esanetan: “Energia, gogoa eta denbora”. Hain zuzen, “konpartsa bat baino gehiago” den Pa…Ya-ren esentzia osatzen dute elementuok, taldearen funtzionamenduaren gakoa beti izan baita baldintzak egon badaudenean eta jendea prest dagoenean gauzak egitearena. Hala, azkenaldian bigarren planoan egon dela uste duen espiritu hori berreskuratzeko grinaren erakusle da egitasmo berri hau, Martinezen arabera.
Hortik aurrera, esperientziak lagundu die produkzio eta antolaketa lanak gauzatzen, eta emaitza ezin erakargarriagoa da literaturzaletasunaren ikuspuntutik.
Antolatzaileak azaldu du ekimen honen asmoa, Pa…Ya-k antolatu izan dituen beste ekimen askorena bezala, pentsamendu kritikoa sustatzea dela, hau da, “abangoardiako pentsamoldeak hartu eta modu kritikoan aztertzea”. Hala, kulturak askatasunaren bidean duen garrantziari erreparatu nahi izan diote.