Seigarren postua Otxarkoagako gazteentzat Bridgestone Greenpower lasterketan

uriola.eus 2022ko mar. 14a, 11:53

Otxarkoagako taldearen autoa (Irudia: Facebook Otxarkoaga)

12 eta 15 urte arteko hiru neskak eta lau mutilek Bizkaian egingo diren bost lasterketako lehenean parte hartu dute. San Mamesen izan zen zen eta seigarren postua lortzeaz gainera sari berezia jaso dute.

Ordezkaritza izan du Bilbok auto elektrikoen lasterketan. Otxarkoagako gazteguneko zazpi gaztek azken hilabeteetan eraikitako auto elektrikoa abian jarri dute San Mameseko zabaldian. Beste 14 parte hartzaile izan dira eta kasu honetan bateria bakarrarekin bira gehien eman dituena irabazi du. Honekin batera beste lau lasterketa egongo dira Bizkaian eta lehenengo hirurak sailkatuko dira hurrengo fasera. 

Txapelketa honetan mundu osoko taldeak lehiatzen dira. Iberiar penintsula osoan, Erresuma Batuan, AEB-n, Polonian eta Txinan ere. Nazioarteko finalak hainbat lekutan jokatzen dira, hala nola Silverstoneko Zirkuitu Nazionalean edo Goodwood Motor Circuit delakoan.

Otxarkoagako The golden yet taldea STEAM hezkuntza ereduaren bitartez egin dute lan. Elhuyar fundazioarekin elkarlanean, Bizilabe programaren barruan dagoen eredua hain zuzen ere. Parte hartze bidezko prozesu bat izan da, eta, beraren bidez, gazteek eguneroko bizimoduan aplikatu ahal dituzten gaitasunak ikasi eta garatu dituzte.

Bilboko udalak sustatu du jarduera hau Tendel elkartearekin batera hainbat helburu lortzeko asmoz. Sormena, talde-lana, elkartasuna, ingurumenaren alderako erantzukizuna, auzoko neska-mutilen formazioan laguntzea; hala, horrekin guztiarekin, ezagutza teknologikoaren bidean aurkitzen diren oztopoak gainditu nahi dira, eta berdintasunezko formazio baten alde lan egin, nesken artean bokazio teknologikoak eraginez.

Greenpower Iberia-Bridgestone ekimenak, 20 urteko ibilbidea egin du dagoeneko eta nazioarteko 2000 talde batzen ditu. Zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren eta matematiketako alderako gogoa automobilismoaren zirrararen bitartez lantzen du.