Bihar hasiko dira Otxarkoagako jaiak

uriola.eus 2022ko eka. 2a, 09:25

Ekainaren 3tik 12ra izango dira. Dupla, Nikotina, Guda Dantza, Iheskide eta Garilak 26 taldeek jarriko dute musika, besteak beste. Kuadrillen eguna egingo da lehen aldiz larunbat honetan, eta igandean emakumeen eguna izango da. Ekainaren 9a eta 10a, hurrenez hurren, euskararen eta gazteen egunak izango dira.

Ospakizunez beteko dira Otxarkoagako kaleak datozen egunetan. Jaiak bihar hasiko dira, ekainak 3, eta 12ra arte luzatuko dira eguneroko programazio betearekin eta kontzertu anitzekin giroa animatuta izateko. Aurten Goizalde eskaut taldeak emango du pregoia, eta txosnak 18:00etan irekiko dira ostiralean, berotzen hasteko. Hamarretan, Gregory mariatxiek kontzertua emango dute Mendipeko tabernan. Horien ostean Dupla eta Nikotina taldeek rap doinuak eskainiko dizkiete entzuleei. 

Kuadrillen eguna

Larunbata kuadrillentzako eguna izango da. Talde hauek sustatzeko asmoz, egun osoko programazio berezia prestatu du jai-batzordeak. Tortilla eta postreen lehiaketa edota kuadrillen arteko ginkana izango dira eguneko ekintza nabarmenenak. Gauez, urtero bezala, dantzaldi batek girotuko du Ugarte plaza; aurten, Ken Bat taldearen eskutik.

Emakumeen eguna

Igandea, ekainak 5, emakumeen eguna izango da. Horren harira, indarkeria matxistaren aurkako bazkari herrikoia egingo dute berin Otxar elkarteak antolatuta, eta 16:00etan bingo feminista egongo da. Giroa apal ez dadin, bertsolariak, Ane Zugaza abeslaria eta Beatriz Muñoz Liedo margolaria izango dira 17:00etatik aurrera. Eguna amaitzeko, Salsa master class bat emango da zazpietan.

Ostegunean euskararen eguna

Astelehen, astearte eta asteazkenean programazioa murriztuko da pixka bat, eta umeen ekintzek nagusitasuna hartuko dute astean zehar. Gainera IV. Memorialaren ligaxkari dagozkion partidak jokatzen joango dira. Ostegunean euskararen eguna da eta eta pregoi bat emango da egunari hasiera emateko. Umeek erromeria izango dute DJ Xaiborren eskutik 18:00etan. Musikak itxiko du eguna, Guda Dantza taldearen kontzertuarekin, 21:00etan.

Gazte eguna

Asteburura bueltan, ostirala gazte eguna izango da. Gazte asanbladaren eskutik bazkaria eta bingo musikatua egingo dira Ugarte Plazan 14:30etik aurrera, eta jolasak egingo dira 17:00etan. Arratsaldea kontzertuz beterik egongo da. Elektrotxaranga, Otxar punk festibala edota Lil cherar & JFDJ Geo-ren kontzertua. Bien bitartean, IV. Memorialaren fase finala jokatuko da, eta Iheskidek eta Garilak 26 erromeria taldeak amaiera ezin hobea jariko diote egunari. 

Azken asteburua

Ekintzaz beterik egongo da bigarren larunbata, publiko guztientzako hitzorduekin. 3X3ko saskibaloi txapelketa egongo da 10:30ean Ugarteko saskibaloi zelaian. Goizean zehar ere, indaba txapelketa egingo da. Txikientzako tokia egongo da arratsaldez 18:00etan Txotenaguneak prestatu dituen tailer eta animazioekin. Arratsalde osoan zehar auzoko tabernek kontzertuak prestatu dituzte eta 22:00etan Basajaun taldearen eskutik erromeria egongo da Ugarte plazan. 

Igandeak itxiko ditu jaiak eta memorialaren finala jokatuko da. Munduko arrozen txapelketa hasiko da 11:00etan eta egindakoarekin bazkaria egingo da 14:30ean. Arratsaldez dardo txapelketa jolastuko da Basoa tabernan eta jaietako azken kontzertua Havana 537k emango du 17:30ean. Zortzietan amaituko dira jaiak txupinazoarekin. Bestalde, jaien inguruko informazio guztia eta programazio osoa, esteka honetan kontsulta daiteke.