LAB eta ESK sindikatuek mobilizazioak egin zituzten atzo Peñascal Koopek kaleratutako langile baten berronartzea eskatzeko

uriola.eus 2023ko ots. 23a, 17:32

Sindikatuek kooperatibako langileek duten sindikatzeko eskubideari Zuzendaritzak egindako erasoa salatzeaz gain, honen harira kaleratutako langilearen berronartzea eskatu zuten.

Peñascal Kooperatiba gizarte-ekimeneko erakunde bat da, irabazi-asmorik gabea eta 1986tik onura publikokotzat jotakoa. Hortaz gain, arrazoi pertsonal, akademiko edo sozial desberdinengatik baztertuta edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak gizartean integratzea du helburu.

LABek eta ESK-k adierazi dutenez, Zuzendaritzak langileek antolatutako hauteskunde sindikaletako LABeko ordezkaria eskubide hori gauzatzen saiatzeagatik kaleratua izan zen. Zentzu honetan, langileek lankide horren berronartzea eskatu ez ezik, bi sindikatuek adierazi zuten hauteskunde prozesuarekin aurrera jarraituko dutela eta ez dutela sindikatzeko eskubidearen mehatxurik onartuko.

Bada, atzo 16:30etan Boluetako metro irteeran egindako elkarretaratzeaz aparte, martxoaren 2an, osteguna, 16:30etan, Peñascaleko Belasegi Zentroaren aurrean beste mobilizazio bat egingo dutela iragarri zuten, langileen antolakuntzarako eskubidea defendatzeko.

Azkenik, administrazio publikoei mezu bat helarazi nahi izan zieten “diru publikoz hitzarmenak sinatzeagatik duen erantzukizunagatik” eta Kooperatibaren Zuzendaritzari hartutako erabakia birplantea dezan eskatzeko.