Kirikiño ikastolak gau beltza ospatuko du urriaren 31n, euskara eta euskal kultura suspertzeko bidean

uriola.eus 2023ko urr. 26a, 12:34

Euskal Herrian heriotza eta beldurrei aurre egiteko ospatzen zen Gau Beltza berreskuratu nahi dute ekimen honekin.

Geroz eta maizago ikusten ditugu gure auzoetako denda eta tabernak kalabaza, mamu eta sorginez apainduta urriak aurrera egin ahala. Batzuek, mespretxuz, ohitura “moderno” honi muzin egiten diote, ameriketatik etorri zaigula zinema eta telesailen bitartez, hemen “betidanik” Arimen Eguna ospatu delakoan. Tradizio berria eta zaharra parez pare jarrita, ordea, ez al dira askok uste baino antzekoagoak?

Hilen edo Arimen egunean ohikoa izan da kalabazak hustu, atez ate eska aritzea, baserriz baserri kantuan ibiltzea XX.mendea arte; badira hau baieztatzen duten idatzizko dokumentuak, baita haur garaian ospakizun hauetan parte hartu zuten hainbat gizon eta emakumeren testigantzak ere, ahotsak.com webgunean. Ez ote zaigu, azken finean, bertako ohitura bat izen desberdinez berriz ere gurera itzuli?

Ohitura zaharrak berrizten

Kirikiño ikastolan Gau Beltzaren ohitura berriz ere euskararekin lotu nahi dute, horretarako, hilak 31n, ikastolako Euskeraz Bizi taldearekin batera, umeentzat zein helduentzat hainbat ekintza antolatu dituzte: Arratsaldeko 17:30etan hasiko dute jaia gaztaina erreak jate, gero txikientzat “Beldurrarekin jolasean” ipuin kontalaria arituko da, kalabazak husteko eta aurpegia margotzeko tailerrak izango dituzte eta, jaiari amaiera emateko, “Kittu” musika taldea izango da dantzan egiteko. Pasa den urtean 100 familiatik gora bildu zituen ekimenak, beraz, beldurrik ezin jakin, baina giroa aparta izango dela zihur.

Euskera sustatzeko sentsibilizazio saioak

2022tik euskara sustatzeko, familiek zein irakaslegoak parte hartzen duten  sentsibilizazio saioak egiten ditu Kirikiño ikastolak. Urtetik urtera handituz doa familien parte-hartzea, saio hauen barnean dago Gau Beltzeko ospakizuna ere. Ikastolak bere sorkuntzatik izan du helburu euskararen eta euskal balioen sustapena, eta ekintza hauek antolatuz, urtero helburu horretara iristeko pausuak ematen ditu.