Gaur goizean aurreikusita zegoen Txurdinagako auzokide baten etxegabetzea. Egoera zaurgarrian dagoen kaltetua Udal Etxebizitzetako pisu batean bizi izan da goizera arte eta, aurre egin izan ezin dion egoera baten eraginez, Udalak berak eman du hura etxegabetzeko agindua.
Bilboko Etxebizitza Sindikatuak mobilizaziora dei egin du aste honetan. Goizeko 9etan hasi da jendea Julian Gaiarrera iristen, eta 7:30etan Ertzaintzak ezarri duen polizia-lerroarekin egin dute topo. Kaltetuaren etxe kanpoan aritu dira etxegabetzearen aurka ohiuka, harik eta Ertzaintza haien kontra birritan oldartu den arte. Bortxaz kolpatu ditu manifestariak eta haietako bat atxilotu dute. Txurdinagako auzokidea ere etxegabetu du azkenik udaltzainak.
Hatzak udalari begira
Etxegabetzea burutu ostean, Bilboko Etxebizitza Sindikatuko kideek gogor salatu dute Udalaren jarrera; izan ere, Udalak azaldu zien aurretiaz etxegabetzea “bai ala bai” egingo zela. Aterpetxe bateko litera izan da Udalak kaltetuari eskaini dion alternatiba, sindikatuak irmo gaitzeztu duen erabakia: “alternatiba bat ez dela” eta “alternatiba iraunkor eta kalitatezko bat lortzeko” lan egingo dutela azaldu du sindikatuko bozeramaileak.
Hortaz gain, Txurdinagako gertaerak etxegabetzeen aurkako moratoria “iruzur bat” dela salatu dute mobilizazioaren antolatzaileek, argudiatuz, etxegabetzeak debekatu ez izateaz gain, instituzioak berak direla hauek gauzatzen dituztenak. Egoera honen konponbide bakarra “kaleratzeen baldintzarik gabeko eten iraunkorra” dela aldarrikatu du sindikatuak. Etxe hutsak dauden bitartean inor ezin dela kalean geratu gehitu dute, eta baita “galerak aberatsek hartu beharko lituzketela” ere, “baina hori ezinezkoa da sistema honen barruan, irabazi kapitalistari eraso egitea ekarriko lukeelako".