“Zeugaz bat” abestiaren bideoa aurkeztu du Kirikiño ikastolak

uriola.eus 2024ko ots. 6a, 15:28

Kirikiño Ikastola hezkuntza-zentru kooperatibo eta euskaldunak “Zeugaz bat” abestia eta bideoklipa aurkeztu du

Entzungai dago jada Kirikiño Ikastolaren abesti berria, “Zeugaz bat”. 600 pertsona baino gehiagok hartu dute parte abestiaren eta bideoaren sorkuntzan, ikastolaren taldelan eta konpromisoaren balioei jarraiki. Ikastolako zuzendari Amaia Galindezen hitzetan, “hezkuntza komunitate guztia inplikatzeko proiektu artistiko bat egitea aproposa iruditu zitzaigun”, eta ikasle, familia zein lankidek urte askotarako gordeko duten oroitzapena izango dela gehitu du.

 

Josu Bergara musikaria izan da abestiaren doinu eta hitzen sortzailea. Ikastolaren berditasuna, errespetua, partaidetza eta elkartasuna izan ditu inspirazioa, “euskera eta euskal kultura beti ardatz nagusi izanda”. Doinu eta harmonia errazak sortu ditu, abestia gogoangarria eta dantzagarria izan dadin. Bergarak gainera “sentimendu

kooperatiboa transmititzeko eta proiektu komun bat partekatzeko sortutako abestia” dela azaldu du, ikastolako familia eta komunitatearentzat.

Janire iturbe, musikako irakaslea eta Gontzal Petralanda, ikastolako zuzendari pedagogikoa arduratu dira grabaketaren koordinazioaz, eta Idurre Erauskin trikitilari eta irakasleak, Bernat orbe irakasleak eta Carlos Perez Buenok zuzendutako Kirikiño Ikastolako abesbatzak borobildu dute abestia. David Sánchez Damianen eskuetan izan da produkzioa, orkesta-konponketen sorketa eta musika edizioa, Fari Marinen laguntzarekin, eta, bideokliparen grabaketan, euskal dantzerako ikastolako taldeko kideek ere hartu dute parte.

Kirikiño Ikastolako Youtubeko atalean dago entzungai eta ikusgai “Zeugaz bat” abestiaren bideoklipa.