Eskuragarri dago Otxarkoagako Mugarik Gabeko Ipuinen 22. edizioaren liburua

Xabier Badiola 2024ko mai. 17a, 14:35

19 herrialdeko 211 ipuin aurkeztu dira aurtengo edizioan.

Salgai dago jada Otxarkoagako Mugarik Gabeko Ipuin Txapelketaren 22. edizioko liburua. Txirula Kultur Elkarteak antolatutako txapelketatik 20 idatzi hautatu ditu aurkeztu diren 211 ipuinetatik, 19 herrialde desberdinetako ipuinak jaso dituzte aurten, guztien artean sei soilik euskaraz. 205 ipuin aurkeztu dira gazteleraz eta aipatzekoa da Argentinatik (28), Txiletik (13), Kolonbiatik (13) eta Mexikotik (12) jaso dituzten ipuin kopurua; espainiar estatutik 70 aurkeztu dira eta 36 Euskal Herritik.

Liburua Karlos Kioskoan eta Otxarkoagako Irune liburudendan egongo da salgai, baita Elkarren dendetan, 10 eurotan. Antolatzaileekin txirulakulturtaldea@gmail.com kontaktuan jarrita ere izango da liburua eskuratzeko aukera. Urtero ospatzen den txapelketa da Muga Gabeko Ipuinena, haur literatura eta gaztetxoen artean idazketa eta irakurketa bultzatzeko funtsarekin; parte hartzaileek eta irabazleek ez dute ordainsaririk jasotzen, bai ordea haien ipuinak paperean argitaratzeko aukera, eta parte-hartzaileek urteko ipuinak biltzen dituen liburuaren 24 ale banatzen zaizkio.

Liburuaren aurkezpena hilaren 12an egin zen, Otxarkoagako Haurren Jardunaldian, Txirula Kultur Taldearen eskutik baita ere, aurten bere 42. edizioan. Aurtengoan ere José Arrue, Indalezio Prieto eta Miguel de Unamunok goraipatutako Gargantuak agerraldia egin zuen jardunaldietan, Marino Montero  Gargantuaren Konpainiaren errektorearen hitzetan “Gargantuaren presentzia duen Bilboko ospakizun bakanetakoa” gaur egun.