Otxarkoagako Gazte Eguna: 25 urte arternatiba saretzen

Otxarkoagako Gazte Asanbalada 2025ko ots. 21a, 11:15

25 urte pasa dira auzoko gazte zoro batzuek Otxarkoagako Gazte Topagune Berriari hasiera eman ziotela. Aurten, otsailak 8 izan da Otxarkoagako gazte eguna ospatzeko aukeratutako data, beste behin ere gure espazioa aldarrikatu dugu auzo langile honetan.

Aurreko urteetako esperientziaren ostean, nahiz eta eguraldi euritsurako plan alternatiboa pentsatuta izan, aurten eguraldiak gure alde egin du eta ez dugu programazioa Lozoñoko frontoian egin behar izan. Beraz, Ugarte plaza gure egitarauaren lekuko izan da, Sukabi Gazte Lokala eta Mahatserri Kultur Elkartearekin batera.

Eguna gogor hasita, goizeko 11:00etan graffiti tailerra geneukan antolatuta, baina, dirudienez, Otxarkoagan gauetan egiten dira graffitiak eta ez goizetan, ez baitzen inor agertu. Horren ordez, montaje lanetan, bazkari prestaketetan eta lagun artean pasa dugu goiza. Auzoko gazteok elkarlanean aritzean dago koska, ezta?

13:00etarako plazan tarima eta elektrizitatea montatuta eta sukaldariak ere erritmo onean zihoazen, beraz, zabor baflea jaitsi eta poteo musikatuari ekin genion.

Goizeko bermuta bukatuta, bazkari mexikarrari hasiera eman genion Sukabi Gazte Lokalean: burritoak, arroza eta saltsak. Zer esanik ez giroan zegoen saltseoaz. 

Hurrengo geltokia: Mozkor Alaiak. Kafearekin batera taldearen bazkalostea izan genuen. Ugarte plazan publikoa dantzatzera eraman zuten Irlandar errebelde soinuekin.

Jarraian, Okupazioaren inguruko tailerra  AZET-en eskutik. Bilboko Okupazio Bulegoak, Kranbak eta Azet Etxebizitza Sindikatuak duela urtebete egindako “11 arrazoi okupatzeko” argumentarioa aurkeztu ziguten. Ondoren, okupazio baten roleplay-a, hausnarketak, barreak, eztabaidak… Itzela izan zen!

Eta eguna borobiltzeko kontzertu eskaintza izan genuen Ugarte Plazan: Karam taldea Bilbotik, Mikosis Gernikatik eta Zuriketan Beltz Algortatik. Neguko gau hotzetan ere haien musikarekin berotzeko ahalmena dutela erakutsi dute.