Bizkaiko ikastolen jaia da Ibilaldia, edizioz edizio ikastola desberdin batek antolatzen duena. Aurtengoa Galdakaon izan da maiatzaren 25ean eta 2026koa, 48. edizioa, Bilboko Kirikiño Ikastolari egokitu zaio. Hori dela eta, egun handia datorren 2026ko maiatzaren 31n berriro ospatuko da Bilbon.
1978an antolatu zen lehenengoz Uribe Kostan eta 1980. urteaz geroztik urtero egin izan da. Azkenengoz Bilbon, 2022an izan zen Abusu Ikastolak antolatuta, baina ia 40 urte pasa dira Txurdinaga, Otxarkoaga, Begoña eta Santutxuko kaleetan ospatu zenetik, 1988an hain zuzen.
Urteak joan eta urteak etorri, Ibilaldiak bere jatorrizko arrazoiei eutsi die: Bizkaiko ikastolen jaialdia izatea, ikastolen hezkuntza-proiektua ezagutzera ematea eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea. Familia zein lagunekin, euskaratik eta euskaraz gozatzeko eguna izango da.
Ibilaldia, baina, ez da egun bakarreko jaialdia soilik, urte osoan garatuz doan proiektua baizik. Hala, ikasturte osoan arituko dira elkarlanean euskara bultzatzen eta jarritako helburuak betetzen: Bilbon euskaraz bizitzea eta toki guztietan erabili ahal izatea, Hezkuntza eta euskal kultura uztartzea, Kirikiño Ikastolaren proiektua sendotzea, Herrigintza eta komunitatearen aktibazioa, eta Inklusibitatea, parekidetasuna eta jasangarritasuna.
“HIRI KIRIBILI BIL!”
Ikastolari izena ematen dion Ebaristo Bustinza “Kirikiño”k hain gogoko zituen hitz jokoez baliatu dira leloa sortzeko. Ikastolako guraso, ikasle eta langileek egindako sormen tailleraren emaitza dira, bai leloa bera, baita logoa ere. Haurren marrazkiak ditu abiapuntu, eta ideien partekatzearen eta elkartrukatzearen ondorioa da.
Euskara Bilbo hirian zabaltzea eta erdigunean jartzea dira asmo nagusiak, eta horri egin nahi dio erreferentzia leloak HIRI eta BIL hitzak erabilita. Gainera, KIRIBIL hitzak espirala esan nahi du, buelta bakoitzean euskararen aldeko urrats berria ematen duen kiribila. Halaber, Ebaristo Bustinza “Kirikiño” idazte eta kazetariari omenaldia egin nahi zaio, “Kirikiño” eta “Ibilaldia” hitzak batuta eta hitz joko dibertigarria osatuta, “i” bokalak baino ez dituena.
Bestalde, logoaren diseinuan patinetea ikus daiteke erdian, umeen jostailua eta garraiatzeko modu jasangarria hiritarra, hainbeste kolorez osatutako leloa gainean duela eta gurpil bakoitza kolore batekoa da, urdina eta korala, hurrenez hurren, patinetearen desberdinak, horia baita. Horrela, bai leloak zein logoak osatzen duten irudia dinamikoa eta alaia da.
“Euskara sustraietatik eraikitzen”
Kirikiño Ikastola euskararen aldeko grina eta komunitatearen lanaren emaitza da. 1970eko hamarkadan, Santutxun euskara ia desagertuta zegoenean, guraso talde batek seme-alabentzako euskarazko hezkuntza eredu kooperatiboa abiarazi zuen. Lehen urratsak Egoialde baserrian eman ziren, Doña Kontxaren amaren etxean, eta, berak proposatu zuen Ikastolak Ebaristo Bustinza “Kirikiño”ren izena hartzea, euskararen aldeko maisu nekaezinaren omenez.
Hasierako urteetan, 200 familiak baino gehiagok bat egin zuten ekimenarekin, eta Torre Gorostizaga kalean kooperatiba sortu zuten. Auzolanaren bidez, ikasgelak, altzariak, liburuak eta irakasleak bilatu zituzten, egunez egun ikastola eraikiz. Proiektua urteekin hazten eta sendotzen joan da, eta familia gehiagoren atxikimenduarekin Txurdinagara egin da jauzia, espazio zabalago eta irisgarriago batera, Europa Parkearen ondoan.