Ibilkrosa lasterketa herrikoia prestatu du Kirikiño Ikastolak

uriola.eus 2025ko ira. 22a, 12:39

2026ko Ibilaldia heldu bitartean, Kirikiño Ikastolak ekimen ezberdinak antolatuko ditu urtean zehar, eta lehena igande honetan izango da. Ibilkrosa lasterketa herrikoia Txurdinagako Europa Parkean izango da.

2026ko Ibilaldia datorren urteko maiatzaren 31n izango da Bilbon, Kirikiño Ikastolak antolatua. Baina eguna iritsi bitartean, Kirikiñok hainbat ekimen egingo ditu ikasturtean zehar. Ildo horretan beraz, datorren igandean, irailaren 28an, IBILKROSA lasterketa herrikoia prestatu du Txurdinagako Europa Parkean, SENDOA Atletismo klubarekin elkarlanean.

Dortsalak egunean bertan emango dira Kirikiño Ikastolako Gabriel Arestiko eraikinean lasterketa baino lehen, eta arropak gordetzeko zerbitzua eskainiko da.

 

Ibilaldiaren alde

Kirikiño Ikastolak herritar guztiak animatu ditu ekitaldiaz gozatzera eta Ibilaldiko arroparekin parte hartzera. Izan ere, IBILKROSA krosa, kirola, euskara eta festa uztartzeko aukera izango da, eta korrika egiteaz gain, euskara kalera atera, ikastolen proiektua zabaldu eta Ibilaldiaren aldeko giroa piztuko dute. Kamisetak eta bestelako produktuak egunean bertan erosi ahal izango dira Ikastolan, BIL DENDAn, eta noiznahi, online.  

Parte hartzeko formularioa bete behar da. 

 

Hauxe da IBILKROSAren ordutegia

11:30 – Prebenjaminak (2019-2018) → 250 m

11:40 – Benjaminak (2017-2016) → 500 m

11:50 – Kimuak (2015-2014) → 1.000 m

12:00 – Umeak / Kadeteak (2013-2012-2011) → 1.500 m

12:20 – Txikiak (2022-2021-2020) → 100 m

12:30 – Lasterketa herrikoia (2010 eta aurrekoak) → 1.600 m