Deustuko Inauteriak indartsu datoz

prestaldizkaria 2012ko ots. 8a, 18:16

Deustua jairik jai joango da negu honetan, Jai Batzordearen eta Gazte Asanbladaren eskutik. Musika jaialdiak gazte lokalean,  inauteriak eta martxoan, herriko jai paregabeak.

Urteak pasa ahala, gero eta indar handiagorekin etortzen dira jaiak gurera. Aurtengo inauteriak prestatzen hasiak dira Deustuko Jai Batzordeko kideak eta, dirudienez, iaz baino jende gehiago erakartzea espero dute, tabernak barne. Hauei zuzendutako mozorrotu lehiaketa antolatuko baitute.

Horretarako, hamaika ekintza prestatu dute ume, gazte zein heldu guztiek parte hartu eta herriko giroaz gozatu dezaten, otsailaren 10ean hasi eta 12an bukatuko den asteburu berezi horretan. Egun horietan zehar, denetarik ikusi ahal izango da kaleetan, mozorroez gain.

Ostiralean, otsailak 10, Koadrilen eguna ospatuko da. Urte batzuk atzerago sexu gaua ospatzen zen eguna koadrilen arteko jai bilakatu zen iaz, eta aurten errepikatzeko gogoekin hurbilduko dira auzoko koadrilak eta nahi duen pertsona oro kalejira poteoarekin hasiko den jai honetara.

Larunbata, otsailak 11, urtero bezala, auzoko aisialdi taldeek prestatutako eta umeei zuzendutako tailerrekin hasiko da, Done Petri plazan, eguerdiko 12:00etan. Horren ostean, bazkaria egongo da Herriko Tabernan, Amaia Iturrioz bertsolari urretxuarraren eta beste gonbidatu bereziaren bertsoetan murgildurik.  Bazkalostean, batukada poteora hurbiltzeko gonbidapena luzatu nahi dio Jai Batzordeak pertsona orori, Erromeriari paso eman aurretik. 20:30etan hasiko den erromerian dantzagarri batzuk dantzatzeko aukera paregabea egongo da. Hori bukatutakoan, Izargi berbena taldeak gaua animatzen jarraituko du, non trago batzuk hartzeko ere aukera egongo den. Betiere, mozorrotuta; izan ere, gauaren erdialdera mozorrorik onenentzako sari banaketa izango da.

Igandean, otsailak 12, lekua hartuko du tradizio bilakatu den desfileak. Eguerdian, San Felicisimotik Done Petri plazaraino doan ohiko desfile honetara Santutxutik, Galdakaotik… datozen talde berriak gehitzen joan dira azken urteotan, maila hobetuz joan den heinean. Gero eta mozorro originalagoak ikusi izan dira aurrekoetan, karroza eta guzti, eta aurten ez da gutxiagorik espero. Behin denak plazaratutakoan, aurkezle berezi batzuek mozorrorik onenei sariak luzatuko dizkiete, inauteriei amaiera emanez.

Hala ere, Deustuko gazte lokalean ez da egun horretan jai giroa bukatuko. Inauterien osteko asteburuan, otsailaren 18an, Honoris Causa taldea izango da bertan, eta hurrengo ostiralean Fecal Criu Chous hardcore festa ospatuko dute gazteek. Inauterien aurretik ere, urtarrilaren 27an, Jaialdi hardcore festa egongo da lokalean, berotan sartzen joateko.

Ondoren, Deustuko jaiak

Inauteriak b ukatu eta hilabetera izango dira herriko jaiak. Martxoaren 16tik hasita bi asteburuko jai giroa biziko da Deustuan zehar. Jai batzordea osatzen duten taldeak eta beste hainbat deustuar lanean dabiltza jaiak, urtero bezala, arrakastatsu izateko, bai txosna gunean, baita Done Petri plazan ere. Izan ere, aurreko urteetan horrenbeste jende hurbildu denez, ez dago hauek baino leku aproposagorik jaiok gauzatzeko” inori kalte egin barik”, herritarren ustez.

Testua: Nuria Arroyo

Deustuko inauteriei eta jaiei buruz informazio gehiago hemen