Lokal bat okupatu dute Santutxuko gazteek

bertonaldizkaria 2012ko api. 25a, 11:02

Santutxuko Gazte Asanbladak jakinarazi digunez joan den asteburuan Iturriga kaleko 14. zenbakiko lokal bat okupatu zuten. Aste honetan arratsaldero 17:00etatik aurerra izango dira gazteak lokalean bertan auzotarrei okupazioaren berri emateko. Ostiralerako poteo musikatua antolatu dute.

Hauxe da Santutxuko Gazte Asanbladak helarazi digun komunikatua:

Santutxuko gazteok lokal huts bat okupatu dugu gaztetxe bihurtzeko asmoarekin!

Bost hilabete pasa dira dagoeneko Lakomi gaztetxea utzi genuenetik. Hiru urtez auzoko gazteon bilgune izandakoak hutsune handi samarra utzi zuen. Hori dela eta, eta auzoan gazte mailan ugaltzen ari diren ekimenek erakutsi digutenez, Santutxuk gaztetxe bat behar du.

Azken hilabete hauetan Santutxuko gazte mugimendua berrindartzen dabil, eta bide horretan azkeneko urratsa larunbat goizean eman zuen auzoko gazte asanbladak, Santutxuko hamarnaka gazterekin batera lokal huts baten atea ireki zuenean, geure ametsak eta ilusioak giltza. Erantsi beharra dago lokalak hamar urtetik gora zeramala hutsik, eta banku erraldoi horietako bat dela jabea.

Okupazioa goizean goiz burutu zen. Auzoko kaleetan zehar kalejira jendetsua egin ostean lokalera heldu eta ireki genuen. Jarraian lanera ekin genion eta batzuk alboko portalen bizilagunei informazioa zabaltzen zioten bitartean, beste batzuk bazkaria egiteari ekin zioten, eta beste batzuk garbiketa lanari. Tartean, hala ere, zenbait jolasa egiteko astia ere izan genuen. Eguerdi aldera bazkari jendetsua egin genuen lokalaren barruan, etorkizuneko gaztetxean egindako lehenengo ekintza!

Egunean zehar Ertzaintzaren zenbait patruila-auto pasa ziren bertatik, horietako batek atean jarri genuen orri informatiboa kendu eta eraman ere egin zuen.

Gazte Asanbladatik gonbidapena luzatzen diegu Santutxun bizi eta ibiltzen diren gazte guztiei. Guztion artean eraiki nahi baitugu proiektu berri hau, emaitza aniztasunean oinarritutako lokal autogestionatu eta librea izan dadin.

Lan egunen berri hurrengo moduetan izan dezakezue: santutxunbizi.blogspot.com blogean, Gazte Asanbladako Tuentian, kaleetatik hurrengo egunetan ugalduko diren kartel berdeetan, lokalera bertaratzen zein ezagunei galdetuz. Aste honetan egunero egongo dira, arrastiko 17.00etatik aurrera.

Ostiralean gainera, poteo musikatua egingo dugu Iturriaga 14ko lokaletik abiatuta. Auzokide guztiak gonbidatuta zaudete!

Santutxun gaztetxea lortuko dugu!!!

Santutxuko Gazte Asanblada