Gaur goizean gelara sartu baino lehen bat egin dute Luis Briñas-Santutxu ikastetxeko ikasle, guraso, irakasle eta langileek. Kontzentrazioa burutu dute ikastetxe aurrean hezkuntzan oro har, eta beraien ikastetxean zehatzago, jasaten ari diren murrizketen aurka.
Azken urteotan Eskola Publikoak eta berau osatzen duten langile zein ikasleek jasandako murrizketak "larriak" direla eta, "gure seme-alaben hezkuntza-kalitatea arriskuan dago", salatu dutenez. Idazki baten bidez murrizketa horien ondorioak ezagutzera eman dituzte:
- Geletan masifikazioa eman da eta horrek ikasleen beharrizan ezberdinak asetzea gero eta zailagoa bihurtzen du.
- Pertsonala gutxitu da, langileen zaintzak areagotzea dakarrena eta lan prestakuntzarako orduak murriztea dakarrena, era berean. Aurten Eskola Publikoan 7.000 ikasle gehiago daude, baina 150 irakasle gutxiago.
- Bi ikasturtetik hona, ordezkapenak bigarren egunetik aurrera burutzen dira Haur Hezkuntzan eta laugarren egunetik aurrera Lehen Hezkuntzan. Irakasleen nahien kontra, ikasleak behar bezala zainduta ez egotea dakarrena. Tarte hura 15 egunetara luzatu nahi dute gobernuburuek.
- Zentroko baliabide materialak ere urritu dituzte...
- Ikasleei zuzendutako hainbat programa bertan behera utzi ala gutxitu dituzte, bekak esaterako.
- Langileen Prestakuntzarako Banakako Laguntzak bertan behera uzten dituzte.
- Lan-baldintzen txarragotzeak lan kargaren handitzea eta langileen zahartzea dakar, besteak beste.
Kontzentrazioak ostiralero
Luis Briñas-Santutxu ikastetxeko langileen iritziz "hezkuntza kalitatea kolokan dago". Egoera salatzeko eta hobetzeko asmoz "lanean ari gara dagoeneko". Horregatik, IGEk (Ikasle eta Guraso Elkartea) eta Irakasle-Klaustroak Briñas-Santutxuko eskolako bi eraikinetan ostiralero (jaiegunak kasu, asteko azken egunean) burututako kontzentrazioetan parte hartzera gonbidatu dituzte ikasle, guraso zein langileak. Azkenik, burutzeke dituzten aldarrikapen ekintza guztietan "parte hartzeko deia" luzatu dute "gure seme-alabon hezkuntza eskubideen defentsan, parte hartu", lelopean.