Zuluaga masaje zentroa: “Jasaten dugun estresak eragin zuzena du gure ongizate fisikoan”

bertonaldizkaria 2013ko ots. 7a, 13:25

Etxebarria parkea hainbat kirol jardueraren kokagune dugu. Mallonako futbol zelaian entrenatzen diren futbolariez aparte, beste hainbat jendek erabiltzen du parkea korrika egiteko, saskibaloian jolasteko... Handik hurbil aurki dezakegu Zuluaga masaje zentroa, bertan kirola egitean ohikoak izaten diren lesioak tratatzen adituak dira.

Zentroa Rafa Zuluagak, Fotxa ezizenez ezagunagoak, darama aurrera. Zazpi urte daramatza Etxebarria parke ondoan kokaturik, baina bere ibilbidea orain dela hemeretzi urte hasi zen, Santutxuko klinika batean praktikak egiten hasi zenean. Fotxak garrantzia handia ematen dio bere ibilbidean ikusi duen aldaketari, gauza batzuetan aurreratu egin den bitartean, beste batzuetan atzera egin dela azaltzen digu: “Egia da orain kirolari gehienek askoz gehiago zaintzen dutela euren burua eta materialak ere egokiagoak direla, baina mugikorren eta ordenagailuen erabilpenak ikaragarri gehitu ditu postura txarrek eragindako arazoak, esate baterako”.

Hortaz aparte, elikadurak eta eguneroko bizimoduaren tentsioak ere zerikusi handia dutela aipatzen du. “Tentsioak lesioak sortu ditzake edo hauen agerrera erraztu. Elikadurari dagokionez, zenbat eta orekatuagoa izan, orduan eta zailago izango da lesio bat izatea”.

Kirolari asko hartzen ditu Zuluaga zentroak, batez ere futbolariak (Santutxu, Begoña, Ibarsusi... bezalako taldeetakoak) eta pilotariak. Dena den, kirolaren inguru horretatik kanpo guk uste duguna baino gehiago hedatzen dira lesioak. Behargin autonomoek (igeltseroek adibidez) askotan arazoak izaten dituztela diosku Fotxak. Ekonomia egoera dela eta ordea, gero eta gutxiago tratatzen dira era horretako lesioak.

“Musikariek ere kontu handiz zaindu behar dute euren burua. Baterijoleak sarri izan ditugu bezero, adibidez”. Eta musikaren inguruan bizi izan duen kontu xelebre bat ekartzen digu irribarrez: “Gogoratzen dut El Mentón de Fogarty taldeko kontzertu baten aurretik gertatu zena. Ni kontzertura joatekoa nintzen, baina abeslariak kontzertua baino pare bat ordu lehenago deitu zidan, sama guztia gogortuta zuelako. Ahalik eta arinen abiatu behar izan nuen berarengana kontzerturako prest egon zedin”.

Bere lanbideak eman dion esperientziagatik, argi geratzen da Fotxaren iritzia: “Lesioak ekidin nahi baditugu, oinarrizkoena gauzak askoz lasaiago hartzea da. Gaur egun bizkor egin nahi dugu dena, ez dugu bizitza patxadaz hartzen, eta horrek eragin zuzena du gure ongizate fisikoan. Estres hori menderatzen ikasi behar dugu, zaila bada ere”.