Bego Rojo: “Goi mailako artisauak izan zitezkeenak fabrika batean lanean ikustea ez da bidezkoa”

bertonaldizkaria 2013ko api. 3a, 12:43

Bego Rojo Santutxun bizi izan zen bederatzi urte zituenetik, gurasoek denda baitzeukaten Santutxu kalean. 30 urterekin Arratiara joan zen eta, gaur egun, artisaua da, zeramika lantzen du Zeanurin daukan tailerrean.

Produktu mota bi ekoizten ditu: Alde batetik, sukaldeko tresneria eta, bestetik, linea rustikoa deritzona (lanparak, lorontziak, euskal ikurrak eta abar). Era berean, tailerrak eman izan ditu eta Arbaso artisauen elkartean ere parte hartzen du, berdintasun arduraduna baita han. Orain, goizetan beste lan batean dabil eta umeak ere badituenez, artisautzari ezin dio nahi beste denbora eskaini. Artisauen egoerari eta kezkei buruz mintzatu gara berarekin.

Nola sartu zinen artisautzaren munduan?

Egia esan, aurrera egiteko bidea izan zen niretzat. Gurasoek Santutxuko denda utzi zuten eta nik bakarrik ezin nuen aurrera atera. Zerbait egin behar nuen eta gustuko nuenez artisautza, ikastaro batzuk egin nituen Boluetan, Txurdinagan eta abar. “Edo orain edo inoiz ez” esan nuen, eta hemen nago.

Artisautzatik bizitzea zaila da?

Oso zaila da, faktore asko daude artisautzari kalte egiten diotenak. Artisauak ez du kobratzen egiten duen lanagatik merezi duena, jende asko ez dago prest prezioa ordaintzeko. Arazo zaila da, nik ez dakit zein irtenbide izan dezakeen honek, artisautza gure kulturaren zati da, baina gizarteak ez du hori ikusten. Dena dela, gustuko lana da. Beste lan bat neukanean, askotan egunak igarotzen ziren, elkarren atzetik, konturatu gabe, errutina aspergarria zen. Artisau izanda ez da hori gertatzen, gogoa daukat altxatu eta lanean hasteko, eguna labur egiten zait, artisautzaren une guztiak disfrutatzen ditut. Gustuko lanak ez dirudi lana.

Zein ezaugarri behar dira artisau izateko?

Gustuko izatea funtsezkoa da, edozein lanetan bezala. Edozein pertsona, interesa badauka, artisau izan daiteke, ikastaroak daude teknikak ikasteko. Hori bai, gero batzuek arrakasta handiagoa izango dute, abilagoak badira, baina ziur nago edonor gai dela gauza onak egiteko.

Arbaso, euskal artisauen elkartean zabiltza. Zein da elkartearen zeregina?

Denok batuta egoteko balio digu, elkar ezagutzeko. Ni sartu nintzenean, gogoratzen naiz, kontaktua egin nuela beste artisauekin. Azken finean, bakoitza bere tailerrean dago, isolatuta, eta Arbasori esker, elkar ezagutu eta laguntzen dugu. Zeramikako beste artisauekin informazioa konpartitzen dut, oso aberasgarria da. Euskal Herri osokoak gaude Arbason, gainera. Bestetik, azokei eta lehiaketei buruzko informazioa berehala heltzen zaigu Arbasotik eta oso lagungarria da.

Zer moduzko bizimodua da azokarik azoka ibiltzea?

Niri gustatzen zait; zapatu eta domeketan izaten da, aste osoa tailerrean egon eta gero nekagarria da, baina ederra. Herririk herri ibiltzen gara, oso polita da, herriak jaietan egoten dira, giroa beti da ona. Azoketan, eskertzen dut tratua jendearekin, alaitasuna...

Zenbateraino da garrantzitsua azoketan egotea?

Hori artisauaren araberakoa da, baina asko hortik bizi dira eta beharrezkoa dute. Beste askorentzat zati bat da, tailerrean saltzen, klaseak ematen, leku guztietan egon behar da soldatatxo bat ateratzeko. Nik neuk, azoketan tailerrak eman izan ditut, umeei erakustea edo tornoarekin egiten den lana erakustea, jendeari erakargarri egiten zaio.

Orain, goizez beste lan bat daukazunez, artisautzan denbora gutxiago ematen duzu. Nahiko zenuke lehengo martxara bueltatzea?

Bai, ez dut utzi nahi eta ez dut baztertu. Baina ezin dut denarekin, lana, ume txikiak... Nire tailerrean gauza berriak egiteko gogoa daukat.

Izan ere, artisau izatea esker txarreko lana da. Errekonozimendu txikia daukazuela aipatu duzu lehenago.

Bai, ze batzuetan gure produktuak konparatzen dira ekoizpen industrialekoekin, adibidez plater bat, alderatzen da fabrikan egindako beste batekin, agian milaka egiten dituzte horrelakoak. Guk pieza bakarrak egiten ditugu, batzuetan antzeko serieak izaten dira, baina pieza bakoitza bakarra da, kreatibitatea da, gauza esklusiboa. Hori ezin da konparatu, “alboko dendan oso merke dago”, dio jendeak. Baina, pieza bakoitza egiteko, atzetik daukan lana gogoan izan behar da. Zeramikan adibidez, pieza bat egiten da, gero labean sartu, hor hiru ordu labeari begira, gero esmaltea, margotu, hurrengo egunerako utzi, gero berriro labean sartu beste bost orduz, hori guztia konparatuko duzu Asiatik ekarritako seriean egindako piezarekin? Ezin da, ez dauka balio bera.

Artisautzak atzetik badauka kreatibitatea, gainera.

Bai, nahitaez eboluzionatzen goaz eta beti gaude gauza berriak egiten, hemendik kolore berri bat, toketxo bat han, beti pieza politagoak egiteko. Gure arazoa ez da ideia falta, denborarik ez daukagu nahi dugun guztia egiteko! Arazo handi bat daukagu horrekin ze nik ezagutzen ditut artisauak ezin dutenak horretan jardun, beste lan batean dabiltza, eta hor kultura galtzen ari gara! Obra bikainak egiten zituzten pertsonak bidean gelditu dira, hori galdu egin da, kreatibitate hori. Batek torlojuekin egiten zituen pieza zoragarriak eta hori utzi eta fabrika batean torlojuak estutzen amaitu zuen, talentua alferrik galtzea da hori. Jendea galtzen ari gara bidetik eta pena ematen dit. Goi mailako artisauak izan zitezkeenak eskolako autobusean zaindari lanean edo fabrika batean egotea, ez da bidezkoa.

Artisauen haserrea bideratzeko plataforma bat eratu zenuten.

Haserre Nago plataforma orain dela urte batzuk atera genuen, 35 artisau batu ginen eta pieza bana egin genuen, erakusketa ibiltari baterako. Baina pieza haiek, oso dotoreak izan arren, ez zeukaten erabilgarritasunik. Horrekin salatu nahi genuen gure lana ez dela baloratzen eta, horrela jarraituz gero, desagertu egingo dela.

Erakunde publikoek aintzat hartzen zaituztete?

Ez dago hartu-eman handirik. Nik uste dut komunikazioa falta dela, beraiek eta gu batu behar gara, hitz egin, arazo bat dagoela esan behar diegu ze arazo bat dago. Ahalik eta artisau eta elkarte gehien batu behar gara erakundeekin, bakoitzaren beharrak desberdinak direlako. Erakunde batzuek badituzte laguntza-planak, baina profesional gutxi batzuei entzunda bakarrik diseinatzen badituzte, beste asko kanpoan geratzen dira. Denon artean lanean jarri behar dugu, gizarteari erakusteko zer lan egiten ari garen, guk ikusten dugu, baina gizarte osora heldu behar dugu, erakutsi zer alde dagoen gure lanaren eta fabrika batenaren artean, gure balioa erakutsi. Laguntza behar dugu eta baita kontzientziazioa ere.

Arbasoko berdintasun arduraduna zara, zein da zure zeregina?

Batez ere, informazioa zabaltzen diet emakumeei, elkarteko beste emakumeei erakusten diet zer dagoen elkartean, Arbasoren komunikazio kanala aprobetxatzen dut berdintasunaren alorrerako.

Emakume eta gizonen arteko berdintasunik badago artisautzan?

Inkesta bat egin genuen eta, emakumeen esperientziak ikusita, ikusi genuen gizartean bezalako arazoak daudela, datuek esaten dute desberdintasunak daudela gizon eta emakume artisauen artean, baina ez gizartean baino gehiago, gizarteko desberdintasunak geurean ere badaude. Esango nuke, gizartean dauden aldeak gure lan esparruan sartu direla eta gizartearekin batera konpondu behar dira.

Kontuan hartuta gaur egun artisauek zail duzuela zeuen ogibidetik bizitzea, zer pentsatuko zenuke zeure umeek artisau izan nahi balute?

Ekonomikoki ez da ideia ona, zalantzarik ez! Baina kapazak badira hortik bizitzeko, jo eta ke aurrera, babestuko nituzke. Ilusioa egingo lidake.

 

LABURREAN

Santutxu: Auzoa

Zeanuri: Naturarekin lotzen dut nik

Artisautza: Betetzen nauen zerbait da

 

Testua: Dabi Piedra

Argazkiak: Iñigo Azkona