Hamar ibilgailu eta dozena bat edukiontzik su hartu zuten 45 minututan Santutxuko lau kaletan (Sagarminaga, Luis Luciano Bonaparte, Fika eta Solokoetxe kaleetan). Ertzaintzaren arabera, kale borrokaren ondorio beharrean, bandalismo ekintza izan da. Larrialdi zerbitzuen atzerapena eta informazio falta salatu ditu Mikel Osa auzotarrak. Kaltetu gisa, berarekin harremanetan inor ez dela jarri nabarmendu dio BERTON aldizkariari.
Honela azaldu dio BERTON aldizkariari Osak Santutxun joan den igandean gertatua: “Igande eguerdiko Teleberri ikusten nengoela, tokia ezagutu nuen eta ‘hori hemen goian da’ komentarioa bukatu orduko ‘eta hori nire kotxea da’, gehitu nion. Prentsaren bitartez jakin dudana besterik ez dakit, inor ez da nirekin harremanetan jarri ezertarako edo informatzeko. Eta sentipenari buruz, nik ez dakit zein den herritarren sentipena, nik nitaz hitz egingo dut. Eta esango dizuet, adarjotze hutsa iruditzen zaidala, 45 minututan 4 sute egotea bata bestearen ondoan eta inor ez harrapatzea. Banketxeak izan balira sutan, arinago mugituko ziren… baina argi dago batzuei sustrai politikoa duten apurketak min ematen dietela eta bestela… Hor konpon!”