Santutxuar bat etxe kaleratze arriskuan dagoela jakinarazi du Santutxuko Familia Elkarteak. Egoera hori salatzeko, bihar, eguerdiko 12:00etan, elkarretaratzea deitu dute Santutxu kaleko BBKren egoitzaren aurrean. Elkarteak azaldu duenez, martxoaren 4a da bankuak etxetik irteteko jarri dion azken data eta bertan geratuz gero "indarrez ateratzeko agindua luzatu dio epaileak Ertzaintzari".
Santutxuko Familia Elkartearen esanetan, Kutxabankeko zuzendariak "publikoki hitz eman zuen ez zuela inor etxerik gabe utziko". Era berean, etxebizitza luxua baino eskubidea dela azpimarratu dute eta ez dela inor "kale gorrian utzi behar gutxi batzuen diru egarriagatik".
Gauzak horrela, familia hori ez kaleratzea eta adostutako irtenbide bat ematea aldarrikatuko dute biharko protestan. Martxoaren 4ean, ordua zehaztu gabe badago ere, beste elkarretaratze bat egingo dute kaleratuko duten lagunaren etxeko atarian. Hitzorduetan parte hartzeko deia luzatu diete auzokideei eta bilbotarrei "bidegabekeria honen aurrean ezin baigara isilik gelditu".