Naiara Uliarte: “10 urtez Bilbotik kanpo egotea denbora luzeegia da”

uriola.eus 2014ko mar. 17a, 09:51

Naiara Uliarte, Tiger dendako koordinatzailea
Duela 10 urte Madrilera joan zen Naiara Uliarte santutxuarra. Bilbora bueltatzarekin batera, Tiger denda danimarkarra martxan jarri du Alde Zaharrean. Arrakasta handia izaten ari da eta etorkizunera begira Euskal Herri osora zabaltzeko esperantza dauka.

Izatez Santutxukoa bazara ere, duela 10 urte inguru Madrilera joan zinen. Zergatik?

Gaztea zarenean Madrilek aukera asko ematen dizkizula; jendea ezagutzeko, bizitza beste era batean bizitzeko edota lan egiteko aukera, besteak beste. Arinago New Yorken bizi izan nintzen eta Bilbora bueltatzean, gaztetasunari etekina ateratzeko nahiarekin Madrilera joan nintzen.

10 urte geroago zerk ekarri zaitu bueltan?

Alde batetik umeak izatea; eta bestetik, Bilbotik kanpo 10 urte ematea denbora luzea delako. Heldua zarenean gertuko gauzak gehiago estimatzen dituzu; mendia, familia, lagunak, Bilboko kaleetako poteoak... Guzti hau ez nuen Madrilen aurkitu beraz, bueltatzeko unea zela erabaki nuen.

Hizkuntzak ere zer esana izan du zure erabakian?

Bai. Familia izaterakoan umeak Madrilen hezitzea ez zen nire ideia; euskaraz jakitea nahi nuen eta beraz, erabakigarria izan zen.

Euskal Herrian Tiger denda danimarkarra martxan jartzeko erronka hartu duzu oraingoan.

Bai, erronka handia da, Euskal Herriko lehenengo Tiger denda baita, baina etorkizunean gehiago etorriko direlakoan gaude.

Nola animatu zara horrelako proiektu bat martxan jartzera? Danimarkako enpresa multinazional baten produktuak Alde Zaharrera ekartzera?

Lehenengo kontsumitzaile modura ezagutu nuen Tiger. Hor jakin nuen proiektu polita izango zela eta azkenean berarekin bat egin nuen. Tigerreko arduradunak hasiera batean, Danimarkan euritakoak konpontzeaz arduratzen ziren eta hasieratik ulertu genuen elkar. Denda gustuko genuen, proiektuan konfiantza genuen eta markaren sortzaileekin harreman ona genuenez Euskal Herrian denda bat irekitzea erabaki nuen.

Otsailean ireki zenituzten ateak. Kontsumitzaileen aldetik zelakoa izan da harrera?

Oso harrera ona izan dugu, guk uste genuena baino askoz hobea. Dagoeneko jendeak behin baino gehiagotan bisitatu gaitu. Bezeroek gero eta produktu gehiago ezagutzen dituzte eta gauza berriak eskatzen dizkigute.

Zer eskaintzen die Tigerrek bilbotarrei?

3.000 produktu inguru daude dendan; oso produktu dibertigarriak dira, oso koloretsuak eta diseinu interesgarrikoak. Hori gutxi balitz, kalitatea eta prezio merkeak eskaintzen ditugu. Gauzak horrela, dendara sartzen diren lagunek beti izango dute gustoko gauzaren bat, 3.000 produkturen artean hori ez baita zaila. Era berean, oso gauza desberdinak biltzen ditugu denda bakarrean; umeei zuzendutako produktuak, etxerako direnak, bizikleta zaleentzako kontuak, arte ederrei zuzendutakoak...

Krisi garai honetan, ekintzaile ausarta zarela esango zenuke?

Proiektu batean murgiltzen den edonor da ausarta. Baina guk %100eko konfidantza daukagu proiktuan eta horrek lasaitasuna ematen du beraz, esan daiteke ausarta izanda ere erdi ausarta naizela.

Etorkizunera begira zein asmo dituzu?

Gure ideia poliki-poliki Euskal Herrian zabaltzen joatea da. Gure hurrengo pausoa Indautxu aldean, Donostian zein Gasteiz aldean denda berri bat zabaltzea litzateke. Gainera, datozen bost urtetan Euskal Herri osora hedatzeko nahia daukagu.