Nivel 3 gimnasioko muskulatze-gelan ura orkatilera arte sartu zen. Gimnasioa kalearen “altuera berean dago”, eta toallekin eusten ahalegindu arren, ura barruraino sartu zitzaiela kontatu digu gimnasioko arduradunak. Kalteen berri emateko, aseguruko ordezkariaren zain emango du goiza.
Masustegi kalean, gimnasioaren ondoan dagoen asesoriara ere sartu zen ura. Lurrean zeuzkaten ordenagailu eta paperak mahai gainera igo behar izan zituzten. Zentimetro bateko altuera hartu zuen urak bertan. Ahal izan zuten moduan, fregonekin, lehortu zuten bulegoa.
Kalean ere lokatza ikus daiteke oraindik. Udalak bi ur-kamioi dauzka bertan lanean, espaloiak, hodiak eta estolda-zuloak garbitzen lokatzarekin trabatu eta honda ez daitezen.
Gau osoa eman dute beharginek konponketa lanetan. Goizaldeko ordubata zenean lortu dute bost metro luzeko hodi berria zaharrari lotzea. 04:30ean berrezarri dute ur-zerbitzua. Hortaz, hamar ordu eman dituzte Santutxu, Zumalakarregi eta Trauko inguruko 33.000 biztanlek urik gabe.
Zabalbide hiru egunez itxita
Hodi apurketak Zabalbide kalean zulo handia utzi du, Zumalakarregi eta Txomin Garat kaleen artean, hain zuzen ere. Uraren presioak asfaltoa eta hormigoia lehertu ditu bertan eta hortaz errepidea moztuta dago ibilgailuentzat. Aurreikuspenen arabera, hiru bat egun emango ditu itxita, hornidura sarean konponketak bukatu, zuloa estali eta asfaltoa berritu bitartean. Ondotik pasakeran, Txurdinagako auzotarrek harriduraz begiratzen diote errepidean dagoen zuloari.
Ur-hodiaren konponketan diharduten langileen arabera “zaharra” zelako apurtu da hodia. “Ohikoak” dira horrelako matxurak. “Ur-sarea leku askotan berritu da Bilbon, inguru honetan ere berritzekoak ziren eta gertatu dena eta gero, arinago berrituko dute”, URIOLAri adierazi diotenez.
Auzokide batek jakinarazi digunez, "sarritan" apurtu ohi dira inguru horretan ur-hodiak. Baina atzokoan beste ur ez da irten inoiz. "Ikusgarria izan da, kristorena, jendea ikaratzeraino", esan digu Zabalbide kaleko bizilagun batek.
Zumalakarregi etorbidean taberna duen emakume batek ez du erraz ahaztuko atzokoa. Gune horretan kalea aldapatsua dela eta, “abiadura handia hartu zuen urak”. “Ur asko eta harriak”, ikusi izana gogoratzen du. 40 minutuz luzatu zen uriola. “Udaleko langileek lan azkar eta ondo egin zuten. Hori egia da”, dio.
Hodi "zaharra" eta "neurri handikoa" -400 mm- da atzo arratsaldean apurtutakoa, Udalaren arabera. "Ezusteko" matxura izan zen. Konponketa lanek iraun bitartean, ur-tangak ezarri ziren, ur ez edangarriarekin, Basarrate, Zumalakarregi, Trauko kaleko oinezkoentzako aldean eta Zumarraga plazan.
*Argazki galeriako azkenengo argazkia Haritz Bengoarena da