Bilboko Udalak Auzategianek aurkeztutako proposamena aintzat hartu du, eta Santa Martako lokaletan jarduera soziokulturalak burutuko diren gune bat egitea aztertzen ari da. Nahiz eta Udalak beste plan batzuk izan, haien eskaera jasotzerakoan ideiaz aldatu eta Santutxuk behar duen gune kulturala eraikitzea erabaki du.
4. Barrutiko lehendakari den Oihane Agirregoitia, eta lehendakariorde den Jone Unzueta zinegotziekin izandako bileran azaldu zutenez, lehenengo urratsa Santa Marta gaur egungo segurtasun eta irisgarritasun arauetara egokitzea litzateke. Horretarako larrialdietako irteerak eta igogailu bat egokitu beharko lirateke. Barrutian proposamena onartu zen, partaide guztien oniritziarekin.
Proiektua hasi berri badago ere, Udalak espazioen behin-behineko banaketa bat proposatu du: 100 lagun ingururentzako auditorioa, hiruzpalau gela handi (50-70 m2koak) tailer, erakusketa zein ikastaroetarako, eta hainbat bilera-gela.
Lokal hauen kudeaketa Udalarena litzateke, eta ordutegi eta erabilpenei dagokionez, iradokizunak jasotzeko prest daude.
Auzategian inkesta bat burutzen ari da elkarte ezberdinen artean, erabilpen hauen inguruko proposamen bateratua egiteko eta beharrizanen diagnostikoa burutzeko.
Datorren egunetan bilera bat burutu nahi dute elkarteekin, inkesta honen emaitzak azaltzeko eta guztien arteko elkarlana adostu eta burutzeko, Udalari proposamen ezberdinak aurkeztu asmoz.
Menendez y Pelayoko lokalei dagokionez, oraindik Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren esku daude; beraz, haiekin hitz egin beharko litzateke gai honetaz, oraindik Udalak ez bait du eskumenik lokal hoietan.
Otsailaren 22an Auzategian ekimenaren aurkezpena burutu zen Santutxun. Karmelo Ikastolako lokal zaharrak jarduera kulturaletarako izan daitezela lortu asmoz.