Mari Karmen Elorriaga: “Euskararen Astea oso esperientzia potentea da”

uriola.eus 2014ko api. 3a, 11:23

Santutxu-Txurdinagako Euskararen Asteak hamalaugarren urtea du aurtengoa. Bihartik apirilaren 9ra eskola orduetan zein eskolaz kanpo euskararen erabilera sustatzeko hamaika ekimen izango dira txiki zein handientzat, murrizketak murrizketa.

Beteranoa da Euskararen Astea Santutxun eta Txurdinagan. Ez ditu alperrik 14 urte beteko aurten. Eta izaera ireki eta parte-hartzailearekin jaio zen ekimena azken urteotan are gehiago zabaldu da. Koordinatzaile den Mari Karmen Elorriagak zenbakitan laburbildu digu zabalpena. “Duela lau urte hasi nintzen ni koordinatzaile. Ordura arte Loly Lafuentek kudeatzen zuen Euskararen Astea zonaldeko 18 ikastetxerekin. Egun 20 daude”, diosku.

Aurrekontua, berriz, inoizko estuena da aurten. “Udalak azken bi urteotan esandakotik erdia eman digu. Espektatibak sortzen ziren laguntza horiekin eta azkenean BIGE, Berritzegunea edota ikastetxeak ziren diru gehiago ipini behar izan dutenak”. Hortaz, aurten, estrategia aldatu dute. “Autogestio” eran kudeatzea erabaki dute. Beraz, esan daiteke eskasiak edota gabeziak onura ekarri duela. Lantaldea “sendotu” du. Horrela, “irakasle eta ikasleei esker” Euskararen Asterako espresuki sortutako ekintzak sortu dira. Kaltetuen, kultur eragileak izan dira, “orain arte gurekin lan egin dutenak”, Mari Karmenen esanetan. “Egun pentsaezina da beraiek kontratatzea”. Haur Hezkuntzakoak ekitaldi gabe geratuko diren arren, antzezpenak, kantaldiak, ipuin kontalariak, bertso-saioak, herri kirolak eta bestelako kirolak ez dira faltako. Ezta lehiaketak ere. Ez bertso-paper lehiaketa, ez aiku lehiaketa. Eta aurten lehenengoz, gloster lehiaketa antolatu dute “gazte eta nerabeak informatika mundura erakartzeko”.

Eskola orduetatik kanpo, ume eta gazteentzako bi egitasmo nabarmendu ditu Mari Karmenek. Batetik, Play Back saioa, “goiz oso bat emango du Karmelo kaleak itxita horretarako” eta, bestetik, ikasleak gogotsu prestatzen diharduten Flash Moba.

“Auzolana” da Euskararen Asteko gakoa. “Hizkuntza komunitatearen elkarlana” Mari Karmenen ustez . “Santutxu, Txurdinaga eta inguruetako era guztietako ikastetxe, elkarte eta familiek bat egiten dute antolakuntzan era guztietako auzotarrek parte har dezaten; oso esperientzia potentea da”. 

14. EUSKARAREN ASTEA - EGITARAUA

Apirilak 4 ostirala: Santutxu Kantari (20:00, Karmelo plaza) + Taberna ibiltaria.

Apirilak 5 larunbata: Flash Moba + Koadrilen Eguna, 12:00etatik aurrera.

Apirilak 6 igandea: Dantzari Eguna. 13:00etan Karmelo plazan.

Apirilak 9 asteazkena: Eskolen arteko Play Back txapelketa, 10:00etan Karmelo kalean.