Bilboaldeko bertsolariek gaur dute bigarren erronka

uriola.eus 2014ko api. 10a, 10:48

Bizkaiko Bertsozale Elkartea
Bizkaiko Bertsolari Txapelketan kantatzen lehenengoak Bilboaldeko edota Hego Uribeko bertsolariak izan dira. Joan den barikuan jokatu zuten lehenengo kanporaketa Arrigorriagan, eta Peio Ormazabal Villanuevak irabazi zuen. Bigarren kanporaketa, gaur, eguena, jokatuko dute Santutxun.

Garoa txokoan, Santutxun, 19:00etatik aurrera lehiatuko diren Bilboaldeko sei bertsolariak Txaber Ormazabal Villanueva, Peio Molinuevo Martin, Irati Erkizia Otegi, Mikel Galartza Idirin, Joseba Barandiaran Andueza eta Asier Goñi Arsuaga dira. Bilboaldeko finala berriz, maiatzaren 3an jokatuko da Hika Ateneoan.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2014

Abendurainoko ibilbidea edukiko du, baina daborduko hasi da martxan Bizkaiko Txapelketa. Lehenengo fasean, Eskualdeetako Bertsolari Txapelketak jokatuko dira, eskualdez eskualde, bakoitzean txapeldun bana izendatu arte. Denera zortzi eskualdek osatzen dute Bizkaiko mapa.

Maiatzean jokatuko dira final denak. Baina finaletara heldu orduko, eskualdeetako kanporaketak jokatuko dira, tokian tokikoak.

Bestetik, Uribe Butroekoak be goiztiarrak izango dira. Barikuan, apirilaren 11n, jokatuko dute lehenengo kanporaketa Gamiz-Fikan, Fikako txokoan.

Hurrengo kanporaketa guztiak udabarriko oporren ostean jokatuko dira, maiatzeko eskualdeetako finaletara heldu arte.

 

www.bertsozale.com
www.bertsoa.com