Basarrate kultur plaza bihurtzeko proiektuak babes zabala lortu du

uriola.eus 2014ko api. 15a, 09:59

Auzo gehienek aspalditik daukate euren eszenatoki edota kioskoa. Horri esker, hainbat musika, antzerki edota dantza jarduera antolatzen dira kalean, urte osoan. Eszenatoki hauek areto estalien osagarri dira (sala pribatuak, udaltegietako areto edota eskoletakoak). Baina Santutxun ez dago era horretako azpiegitura finkorik. "Premia historiko hori asetzeko aukera orain dugu eskura", Jai Batzordearen arabera, "Bilboko Udalak Basarrate plazaren erreforma planean auditorio egokia gaineratzen badu".

Santutxuko Jai Batzordearen ustez, Basarrate plazak "karga historiko handia" du. Santutxu eta Boluetako auzokideen "lokarri" da. Horregatik, bertan auditorioa izateak hainbat onura ekarriko dizkio auzoari, besteak beste, kulturgile eta elkarteen sareari babesa emango dio "urte osoko kultur eskaintzarekin", "bertako artista hasiberri eta amateurrei bultzada emango die, baita kaleko kulturari ere "auzokide guztiei irekia, adin guztiei irekia". Auditorio finkoak "edozein arte disziplinako jarduerak antolatzeko aukera eskainiko du" eta "azpiegitura garestien alokairuan dirua aurreztea ekarriko du, kulturan gehiago gastatzea ahalbidetuz".

Kiosko erako eszenatokia, "borobila eta plaza erdian, guztiz zaharkituta" dagoela uste du Santutxuko Jai Batzordeak. Areago, "enbarazu egiten du". Ostera, aurrealdea zuzena duen eszenatokia "egokiagoa da edozertarako". Jai Batzordearen proiektuak auditorioa ez du orain arte eszenatokia kokatu den lekuan aurreikusten, Basarrate plazaren goi aldean alegia, behe aldean baizik. "Plazaren behealdetik gora begira jarrita, eremuan hobe integratuko da eta lekua aprobetxatuko dugu". Aldapak ikusleen alde egiten du, gainera.

Azpiegitura berriak jarduera asko ahalbidetuko ditu etorkizunean, esaterako, "bertako taldeen musika lehiaketak, bertso-saioak, adinekoentzako berbenak, erromeriak, abesbatzen emanaldiak, antzerki amateurra, umeentzako antzerkia, inguruko ikastetxeen jarduerak, Euskararen Astea, Gaztegunearen jarduerak, Musika Eskolaren emanaldiak, Musikaren Eguna eta abar luze bat".

Basarrate kultur plaza bihurtzeko proiektuak hainbat kultur eragileren oniritzia eta babesa jaso du jada. Honako hauena, besteak beste: 

Santutxuko Bertso eskola
Gaztedi Dantzari taldea
Santutxuko txistulariak
Euskeria abesbatza
Garaizarko Mahatsorriak abesbatza
Samasiku fanfarrea
Ardoa Barrura fanfarrea
Dunbots fanfarrea
Katü Bürü batukada
Xare musika laborategia
Ximelgorri umeen aisialdi taldea
Xirula Mirula-Musikaz Blai musika eskola
Anima Antzerki Eskola
AEK-Korrika lan taldea
Santutxuko Euskararen Asteko Batzordea
Goloka Kale Antzerkia
Tartean Teatroa
La Caldera Musika Elkartea
Las Tea Party
Cherry Boppers
Luber Jack
Zazkel
Haxotz
Lowe
Uraken
Shrapnel Meat
B.C. Bombs
Overshock
180 Group
Happy Morgue
Eate
Almah Mater
Block 2 Club
Dave Uno
Godoy Wonderers
Nacho‘s Dick
Inner Turbulence
Hortzmuga antzerki taldea
Mama Crea espazioa