Jende andanak parte hartu du erabakitzeko eskubidearen aldeko Santutxuko kalejiran

uriola.eus 2014ko mai. 5a, 11:05

Gure Esku Dago dinamikak erabakitzeko eskubidearen aldeko kalejira antolatu zuen ostiralean Santutxuko auzoan barrena. Ehunka lagunek parte hartu zuten egitasmoan eta giro polita sortu zen auzoan.

Santutxuko Gure Esku Dagok kalejira jendetsua egin zuen ostiralean auzoan, eta pertsona multzo ezberdinez osatutako bost guneak musika eta dantzaren bitartez batu zituzten.

Arratsaldeko 19:30ean hasi zen hitzordua, Makua plazatik lagun talde bat bizikletaz abiatu eta gero. Hauek kantuzaleekin bat egin zuten Ritxi plazan eta bertatik Grua plazara hurbildu ziren hainbat ume eta gurasorengana. Laugarren gunean, Basarrate plazan, gazteak batu zitzaizkien eta bosgarrenean, Arsuaga plazan, dantzariak. Bukatzeko, ehunka lagun musikaz eta dantzaz lagunduta, Karmelo plazara heldu ziren. Bertan erromeriaz gozatu eta esku erraldoia irudikatu zuten.