Aitor Renteria Maleta ‘Txato’ gogoan

Josu Telleria 2014ko eka. 3a, 13:31

"Gora bihotzak eta behera prakak… fundamentue!!!" Hori zen (eta da) gure borroka oihua. Herriaren aldeko borrokarena, euskararen aldeko borrokarena, justiziaren aldeko borrokarena, goizaldeko orduen konplizitatearena… Bihotzetik eta bihotzez, eta prakak jaitsita, garen modukoak agertuz.

 

Eta horrela utzi gaitu Aitor Renteria Txato-k, prakak jaitsita, nora joan eta zer egin ez dakigula; eta bihotza hautsita, bere bihotzaren azken zartakoak gu guztionak arrakalaz beterik utzi dituelarik.

Duela 33 urte egin behar izan zuen alde Aitorrek horrenbeste maite zituen Bakio eta Santutxu inguruetatik. Gazte, oso gazte. Baina ordurako, bere gizatasunaren hazia ernetzen hasia zegoen Ikastolan, Kolegioan, Gaztedi dantza taldean edota familia inguruan ezagutu genuenongan.

Sasi artetik burua ateratzen hasi zenerako, berehala hasi zen nabarmentzen euskalgintzan hainbat lan egiteke zituen Baiona Ttipian, AEKtik hasita BERRIAraino, Hendaiatik Barkoxeraino, euskararen aramusarea ehuntzen, bizkaieraz eta lapurteraz, gipuzkeraz eta xiberotarrez, ahotsez eta txirulaz, hitzez eta kantuz.

Mintzakide nekaezina, txirulari trebea, bertsolari freskoa, kantari goxo bezain indartsua… Baina batez ere laguna, ezagun zein ezezagunena, laguna.

Hitz bat darabilt egunotan buruan, “zabalik”. Bai! Denden ateetan eskegita egoten den kartel horietan ageri dena, “zabalik”…. Zabalik hitza dut burmuinean dantzan.

Aitorren etxea zabalik zegoen beti, edonor eta edozein egoeretan heltzen zenak, aterpe aurkituko zuen Aitorrenean, bere bihotza zabalik zegoen bezalaxe. Hainbeste sartu gintuen bihotz horretan, ezen azkenean pisuarekin edo, bihotz horren motore fisikoak nahiko esan behar izan duen.

Eta etxea eta bihotzarekin batera, zabalik burmuina. Topikoetatik at, betikotik at, beti besteak baino urrats bat aurrerago. Horrela ibili zen Txato herri honen azken prozesu politikoan ere, leporaino sartuta, bere ingurua baina urrats bat aurrerago, gu guztion iparorratz, laino artean, han, urrutian ikusten den itsasargi gorri hari segika.

Oraindik ere zure ibilkera arin eta traketsa ikusten dut gure aurretik, onddoak batzera ere aurretik joan behar zinen eta. Eta zuk erakutsitako bideetatik jarraituko dugula dinotsut lerro xume hauetatik, nahiz eta negarrak begiak lausotu, kantari eta zabalik Txato, beti zabalik.

Gora bihotzak eta behera prakak… fundamentue!!!

 

Josu Telleria