Ekaineko asteazkenetan euren aldarria kaleratzea erabaki dute Solokoetxen: “Antenarik ez, 0,1 ya”. Borroka horretan, EH Bildu koalizioaren laguntza jaso dute. Donostian eta Gasteizen egin duten moduan, Bilboko udal gobernuari “zuhurtasun printzipioa exekutatzeko eta ordenantzak aldatzeko” eskatu dio Bilduk, Bilbon uhin elektromagnetikoak 0,1μW/cm2 baino altuago izan ez daitezen.
Maiatzaren 28an berrabiarazi ziztuzten kaleko ekintzak Solokoetxeko auzotarrek. Orduan, auzoan burutu zuten elkarretaratzea. Igogailuaren goialdean, igogailuaren aurrez aurre eta ikastetxearen ondoan. Ekainaren 4an, berriz, igogailuaren behaldean bildu ziren, Iturribide kaleko 10. zenbakian. “Garraio negozioa egiteko baimena dutela” gogorarazi zieten Ascendores de Solocoeche S.A. enpresako buruei, eta “ez bestelako negozioak egiteko baimena”, adierazi dio URIOLAri auzo elkarteko kide Yolanda Pereñak. Igogailuaren teilatuan ezarrita dauden hiru telefonia antenetaz ari da Yolanda, eta horiek bertan izateagatik telefonia operadoreek Ascendores de Solocoeche S.A. enpresari ordaintzen dioten alokairuaren “negozioaz”. Argi du auzo elkarteak bere eskaria: “Uhin elektromagnetikoak 0,1 μW/cm2-era murriztea, eta antenak kenduz gero, askoz hobeto”.
1934an sinatutako emakida-kontratuak dio Solokoetxeko igogailuari ezin zaiola “bestelako erabilerarik eman”. Hala ere, auzotarrek behin eta berriro salatu dute “Surbisak bigarren negozio bat esplotatzeko baimena eman diola enpresari, antenena, hain zuzen”. Salaketa hori babestu egin du EH Bilduk eta “irregulartasuna argitze aldera”, Ibainarriagak Obra eta Zerbitzuetako Saileko zinegotzi ordezkariaren agerraldia eskatu du. Gaiarekin jakitun diren teknikariek azalpenak eman ditzaten 5.barrutian bilera monografikoa ere eskatu du.
Aspaldiko kontua
Lehenego salaketa 2001ean jarri zuen bizilagun batek, igogailuko antenek udal baimenik ez zutela salatzean. 2003an Udalak 1066/2001 errege-dekretuan oinarritutako araudia ebatzi zuen, eta horren arabera, esposizioa gehienez 450uW/zm2-koa izan daiteke. 2007ko txosten batean Europako Ingurumen Agentziak, ardura printzipioa kontutan hartuta, eremu sentiberetan 0,1uW/zm2 izatea gomendatu zuen. Gauzak horrela, auzokideek behin eta berriz salatu dute Solokoetxen egindako neurketen emaitzak “araututako mailaren gainetik” daudela. Adibidez, Solokoetxe ikastetxeak, batezbeste 20,5uw/zm2-ko neurriak jasaten ditu jolastokian. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jolastokian sareta metalikoa ezartzeko agindua eman du eta, antenengandik hurbilen dauden ikastetxeko leihoetan, biniloa ezartzeko. Aurrerago, neurketak egingo dira hartutako neurrien eraginkortasuna aztertzeko.