Santutxuko jaiak, made in Netherlands

uriola.eus 2014ko uzt. 2a, 10:15
Santutxuko jai batzordeak auzoko festak sustatzeko kutsu Herbeherarra duen bideoa kaleratu du. Ikus-entzuneko proiektu berri honen egilea Gorka Lopez Arantzamendi izan da Erasmus bekaldian zehar Utrechten izandako beste hiru ikasleekin elkarlanean egindakoa.

 

Errekaldeko jaien ostean Santutxu auzokoak datoz aurten inoiz baino indartsuago uztailaren 12tik 20ra bitartean. Santutxuko Jai Batzordeak Gorka Lopez Arantzamendi EHUko ikus-entzunezko ikaslearekin eta Erasmus programan Utrechten izandako beste hiru lagunekin elkarlanean 2014ko jaietarako bideo bat sortu dute. Herbeheretan du jatorri bideoaren zati batek eta Santutxuko jaiak sare sozial zein komunikabideen bitartez sustatzea du helburu.

Ideia iazko udan jaio zen arren, “azken emaitzarekiko guztiz ezberdina izan da” azaldu du Arantzamendik, hasiera batean 2013ko jaietako irudiak batuko zituen bideo bat osatzea besterik ez zen asmoa, baina martxoan aurreko proiektuari istorio labur baten kontakizuna barneratzeko ideia sortu zen: Neska finlandiar bat udarako plan bila ari da, baina ez du bat ere zorterik. Berez duen ezinegona gutxi ez, eta jada dena antolatuta duen lagunak barre egiten dio. Azkenean, modurik kuriosoenean aurkezten zaio bere arazoentzako konponbidea: Santutxuko Jaiak.

Bideoaren egile zein parte-hartzaileak Erasmus programarekin Herbeheretan zeuden lau ikasle izan dira. Gorkak, santutxuarra izanik, auzoarekin zerikusia zuen zerbait egiteko intentzioa bazuela aitortu du, “baina ez nuen espero gainontzekoek ere horrenbesteko gogoz hartuko zutenik”. Berarekin Utrechten egondako Maialen Igartua zumarragarrak ere paper garrantzitsua izan du, bai ideiaren garapenean bai grabaketa prozesuan ere, “Santutxun bizi izan naiz, eta, eraginez, proiektuarekiko hurbiltasuna sentitu dut”, azaldu du Igartuak.

Erasmus programak eskaintzen zizkigun berezko aukerak aprobetxatzea izan zen erabakia, eta hizkuntza aldetik ere ukitu hori eman genion, finlandierazko dialogoak euskaratuz, hain zuzen.