50 urte daramatza txistulari Josu Basterrak. Hamasei urte zituenean ikasi zuen txistua jotzen Santa Maria kaleko eskoletan. Han Udalak “akademia zeukan”, eta Boni Fernandez zen bertako zuzendari. Bi urtera Gaztedi Dantzari Taldera egin zuen salto Josuk eta Jose Luis, Peru, Kepa eta beste txistulari batzuekin egin zuen bat. “Horiek ez ziren santutxuarrak baina Gaztedi inguruan ibiltzen ziren”. Horietako batek, Jose Luis Lejarzak Karmelo Ikastolako txistu klaseak Josuren esku utzi zituenean erein zen Santutxuko Txistulari Taldearen hazia. Josuk argiro azaldu duenez, beti ere “Karmelo Ikastolaren inguruan”.
Olentzero egun batez 38 txistulari elkartu ziren Santutxuko kaleetan. “Maravilla bat”, gogoan du. “Denak ikastolakoak”, denak bere ikasle izanak. Zenbat ikasle izan dituen galdetuta, “ideiarik ez” erantzuten du. Ez dio aparteko garrantziarik ematen kopuruari. Irakaskuntzan urte “asko” eman dituela baino ez dio, “pozik” eman dituen urteak.
Olentzero eguna, Inauteriak, Santa Ageda... Santutxuko egun handietan txistulari taldeak ez du hutsik egin. “Eskatu gabeko egunetan” ere jo dute txistua. Auzoko gertaeren lekuko izan dira. Urteotan momentu onak eta txarrak ere pasa dituzte. “Txarrak” inauterietan esaterako, Josuri ez baitzaio mozorrotzea inoiz gustatu. “Baina ni irten ezean eurak ez zirela irtengo esaten zidaten, eta irten egin behar”.
Duela urte batzuk “nekatu” egin zen Josu eta Jabi Valenciaren esku utzi zuen txistulari taldearen gidaritza. “Jabiri esan nion ez nuela buruan egon nahi eta berak ardura hartzeko”. Harrezkero, “bigarren planoan” askoz gusturago dago.
Zenbat txistu marasmekin
Txistulari harrobi handia izan da Karmelo Ikastola. Egun, baina gauzak bestela dira. “Behera egin du”, Josuren esanetan. Baina ez Santutxun bakarrik, txistuarekiko zaletasunak “leku guztietan” behera egin du. Eta gainera, dauden txistulariak zahartzen ari dira. “Ez dago txistulari berririk”, dio Josuk penatuta. Aurreko batean, bere ikasle ohi batekin topo egin zuenean, Santutxuko etxeetan “marasmekin zenbat txistu egongo diren” pentsatzen jardun zuten. Egun, gazteek kontserbatorioan ikasten dute txistua jotzen. Baina “etxetik kontserbatoriora eta kontserbatoriotik etxera joaten dira, kalean ez dira ikusten”. Etxean bere seme-alabek ez dute txistua jotzen ikasi. “Hor ebaki egin da bidea”. Horregatik zalantza sortzen zaio gordeta daukan materiala dela eta: “Biblioteka izugarria daukat, ea norentzat den”.
Pregoia eta aitortza
Santutxuko jaietako pregoia txistulariei botatzea egokitu zaie aurten. Horrela erabaki du Jai Batzordeak. Josuk “ez zuen espero” horrelakorik. “Pozik” hartu du berria. “Urte asko daramagu bategatik edo besteagatik, eta beti berdinak gara. Interes ekonomiko gabe jotzen dugu. Luxua da auzoarentzat horrelako talde bat izatea. Bilboko beste auzoek ez dute horrelako txistulari talderik”.
Uztailaren 12an, larunbata, ohi bezala txistulariek marmitako lehiaketan parte hartuko dute Basarrate plazan. Tripa ondo bete ostean, arratsaldean, irakurriko dute jaiei hasiera emango dien pregoia.
Uztailaren 16an, Karmen egunean, ere ez dute huts egingo. Gosaldu ostean, 8:30ean diana joko dute kalez kale. Josuren hitzetan “urte guztietako gauza da”, eta egon beharra dago.
Testua: Lur Mallea
Argazkiak: Jabi Valencia/Karmelo Ikastola