Areto Magia kategorian 2. Sari Nazionala eskuratu berri duzu. Zein garrantzia du sariak?
Garaikur bat eman didate, diru saririk ez. Prestigioa ematen du, Goya batek bezala. Horrek suposatzen du magia festibaletan kontratatua izatea, hau da, ezagutzera ematen zaitu. Askotan horrelako topaketetara programatzaileak joaten dira, ikusten zaituzte... Saria berez ez da ezer, baina aukera ematen du arlo profesionalago batera saltoa emateko.
Lortu duzu kontraturik?
Bai, bi. Zamoran, bat. Magia festibal potentea egiten da Zamoran, eta bertara joateko deitu naute. Bestea, Manresan.
Zer da Areto Magia?
Antzoki txiki batean egiten dena. 200, 250 pertsonentzako areto batean, eta normalean objektu txikiak erabiltzen dira, esaterako, titareak, sokak edota bolatxoak.
Zertan oinarritzen da 33. Magia Kongresuan saritu duten zure saioa?
Gaileta kutxa baten gordeta dauden hari eta titareekin jolasten dut, desagerraraziz, kolorez aldaraziz, ugarituz, hainbat gauza magiko gertatzen dira eta azkenean paperarekin egindako dantzari batek dantza egiten du gaileta kutxaren gainean, eta agian gailetak topatuko ditu, edo agian ez.
Aparteko zer ikusi du epaimahaiak zure lanean?
Desberdintasuna, ikusi ohi diren saioekin alderatuta. Ez delako mago boteretsu bat eszenatokian dagoena. Magoak apur bat harroak gara eszentokian, ahalguztidun bezala irteten gara. Hara uso bat, hara kartak. Kasu honetan ez da horrela.
Eszenatokian mago harroa baino mago apala zara?
Ez noa beltzez jantzita, magoak normalean beltzez jantzita doaz, elegante jantzita, frac batekin, ni ez. Ez da magoaren prototipo klasiko hori, beste gauza bat bilatu nahi izan dut.
Zergatik?
Niri ere hori ikustea gustatzen zaidalako. Zirku munduan ibili naiz, eta clown eta pailazoak asko gustatzen zaizkit. Nahi nuena ez zen mago bat magia egiten erakustea, baizik pailazo bat edo mimo bat magia egiten erakustea.
Mago tradizionalen estilotik urrun zabiltza orduan?
Tamariz, adibidez, aldendu egin zen pilo bat. Ez zen elegantea, ez zituen berba eleganteak erabiltzen, txistu, barre eta oihu egiten zuen. Badago jende asko prototipotik aldendu dena, eta beste asko bezala, ni horietako bat naiz.
Ez da saritu dizuten lehen lana?
2008an sari bat eskuratu nuen kartekin egindako saio bategatik, baina ez zen nazional mailan izan, kongresu txikiago batean izan zen.
Irratian ere magia egin duzu. Zelan?
Zaila da, baina oso polita era berean. Nire pausoak jarraituz entzuleek etxean magia egitea lortu dute, trikimailua argitu gabe. Hau da, euren karta aurkitzera heldu dira, zelan gertatu den jakin gabe. Magia interaktiboa da.
Cafe Bilbaon Magia-poteagia saioak ere egin dituzu.
Mikel Martinezi bururatu zitzaion ideia. Taberna beteta zegoela, jendea poteoan zegoela magia egitea. Espero ez duen jendeari magia egitea asko gustatzen zait, eta poteoan dabiltzanei trikimailua egitean harridura askoz handiagoa lortzen duzu, espero ez dutelako eta gertu-gertu ikusten dutelako. Magia handitu egiten du horrek.
Txurdinaga eta Otxarkoagako X. Magia Topaketetan parte hartu duzu irakasle moduan. Zein balorazio egin duzu?
Udal batek urtero-urtero magiaren inguruan topaketak antolatzea pozgarria da. Nabari da egiten duguna gustatzen dela Otxarkoaga auzoa topaketen esperoan egoten delako. Aurten kurtsoek kristoren arrakasta izan dute. Ikuskizunak ere oso ondo egon dira, punta-puntako magoak egon dira. Poztekoa da urtero horrelako apustua egitea.
Zuk egindako “Ilusioa, Bilboko magiaren dokumentala” izeneko lanean diozu Bilbon magia tradizio handia egon dela. Jarraipenik izango du?
Baietz espero dut. Bilbo oso hiri garrantzitsua izan zen estatu mailan, hemen egiten ziren kongresu eta magoen afari handiak. Egun hainbeste mago nukleo daudenez estatuan zehar oso zaila da hainbeste mago leku berean batzea. Beharbada hutsunea egon zen garai bateko eta egungoen artean, baina magoen egungo kalitatea ikusita, uste dut Bilbon badagoela harrobia eta badaudela mago dezenteak.
Internetek jokoa ematen die magoei?
Harrituta nago Youtubek duen indarrarekin. Mago gaztetxo guztiek Youtuberekin ikasten dute, ez da modurik egokiena ikasteko, baina tira. Eurek txikitatik badakite Youtube zer den, eta bertatik ikasten dute.
Baduzu kalana Youtuben?
Bai, badut, nire saioak ikus daitezke, baina trikimailuak ez ditut erakusten.
Zein da zure plaza gogokoena?
Antzokietan lan egitea nahiko nuke. Kale ikuskizuntxo bat ere badukat zirkuko bi lagunekin, eurek malabareak eta akrobaziak egiten dituzte, eta nik magia.
Udarako zein asmo duzu?
Uste nuen lan gehiago izango nuela, ez naiz kexatzen, baina uste baino gutxiago daukat.
Zergatik ote?
Gaur egun lan guztietan gauzak dauden bezala daude, edozertaz lan egitea zaila da. Kulturan eta aisialdian murrizten da gehien. Alde horretatik txarrena tokatu zaigu, baina hala ere pozik nago.
Noiz duzu hurrengo ikuskizuna?
Barakaldoko jaietan egongo naiz uztailaren 17an kalean, Herriko plazan.
Jendez inguratuta lan egitea zaila al da?
Urtero egiten dira jaietan mago ikuskizunak Barakaldon, herritarrek mago asko ikusi dituzte, beraz zaila izaten da arreta erakartzea eta mantentzea tabernak hurbil daudela. Antzokian errazagoa da, kalea zaila da.
Hitz magikorik erabiltzen duzu? “Artxila mortxila”, “voilá” edota “tatxan” bezala?
Ez, aurrekontu txikiko magoa naiz. Izen artistikorik ere ez daukat, hori Las Vegasekoek daukate. Izen bat eta bakarra daukat.