Boluetako gazte-aterpetxeak bi urte "arrakastatsu" bete ditu

uriola.eus 2014ko uzt. 28a, 10:55

Mundu osoko 13.600 turistak eman dute gauren bat Bolueta auzoko aterpetxean bi urteotan. 104 ohe ditu eta turismo egokituaren erreferente bihurtu da, bere instalazioak ezgaitasunen bat edota premia bereziak dituztenentzat egokiturik baitaude.

Pertsona ezgaituek guztiz kudeaturiko aterpetxeak, BBK Bilbao Good Hostelek, bi urte bete ditu, eta tarte horretan mundu osoko 13.600 turistak eman dute gauren bat bertan, batez beste, 1,8 gau. Turismoa erakartzeaz gain –%100eko okupazioarekin asteburuetan, Aste Santuan eta hiriburuan izaten diren ekitaldien garaian– Bilboko aterpetxe honek bi ezaugarri ditu: lehena, Lantegi Batuak erakundeko ezgaituek kudeatzen dute oso-osorik; eta bigarrena, irisgarritasun unibertsalaren irizpideekin diseinaturik dago.

Bolueta auzoan kokatua, Bilbo erdigunetik bost minutura, BBK Bilbao Good Hostel 104 ohe dituen aterpetxea da, BBK-ren jabetzakoa, baina honek Lantegi Batuak erakundeari laga zion lokala Bizkaian adimen-urritasuna dutenentzat lanerako lehen zentroa jartzeko, eta gaur egun Lantegi Batuak-ek kudeatzen du.

Aterpetxeak zerbitzu-aukera zabala eskaintzen du, eta banako, taldeko, familiako edo ezgaitasun edo mugikortasun murriztua duten turisten premiak estaltzen ditu. Izan ere, irisgarritasun unibertsalaren irizpideari jarraituz diseinatu da, eta egokitua dago mugikortasun murriztua eta beste ezgaitasunen batzuk dituztenen irisgarritasuna eta egonaldia errazteko. Gainera, martxan jarri zenetik, aterpetxea benetako aukera izan da Bizkaian ezgaitasunen bat duten pertsonak laneratzeko, 12 lanpostu sortu ditu-eta.

Batez besteko okupazio-indizea –turisten gutxitzea orokorra izan den urte honetan– %40 ingurukoa izan da, eta asteburuetan, Aste Santuan edo zenbait ekitaldiren garaian %100ekoa. Bestalde, 13.600 turistetako %81 europarrak dira: %56 Espainiako estatukoak, batez ere Madril eta Kataluniakoak, %8,2 Frantziakoak, %5,1 Alemaniakoak eta %4,5 Erresuma Batukoak. Eta erreserben banaketari dagokionez, esan behar da %39 taldeak direla, batez ere, ikasle, kultura, kirol, ezgaitu edo kirol egokituko taldeenak.

Arrakastazko bi urte

BBK Bilbao Good Hostel duela bi urte sortu zen, BBK Gizarte Ekintzaren eta Lantegi Batuak-en arteko lankidetzaren ondorioz. Proiektu honek 1,6 milioi euroko ekarpen berezia izan zuen hasierako inbertsiorako. Alde batetik, bere dibertsifikatze-estrategian, Lantegi Batuak-ek ekonomiaren arlo berrietan sartzea bilatzen zuen, alegia, arlo estrategikoetan eta Bizkaian hazteko gaitasuna dutenen artean, besteak beste low cost turismoan, baina kalitatezkoa eta unibertsala -oztoporik gabea- izatekotan; izan ere, gora doan merkatu honek milioika lagun mugiarazten ditu mundu osoan, aparte utzita beraien gaitasunak edo egoerak.

Bestalde, BBK Gizarte Ekintzarentzat, beste aukera bat zen ezgaituak lan-munduan sartu nahi dituen proiektu batean parte hartzeko eta turismo egokituko ekinbide berritzaile batean laguntzeko.

Lantegi Batuak

Lantegi Batuak gizarte-ekonomiako enpresa bat da, eta bere zeregina Bizkaiko ezgaituentzako, batez ere adimen-urritasuna dutenentzako, lan-aukera egokituak sortzea, horien garapen eta bizi-kalitate ahalik eta handiena lortzeko helburuarekin. Hori ahalbidetzeko, lan-munduan eta gizartean sartzeko ibilbideak eskaintzen ditu, hor sartuta orientabidea eta prestakuntza, lan-prestakuntzarako eta enplegurako programa bereziak, eta enplegu normalizatua lortzen laguntzeko bitartekotza.