Euskal gatazkari lotutako hamar ihesaldiren kronika idatzi du Josu Martinezek

uriola.eus 2014ko ira. 5a, 11:07

Argazkia: Elkar

Labetik "ateratzar" du idazle mahatsorriak Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak izeneko liburua (Elkar, 2014). "Ausardiaz eta irudimenez" betetako ihesaldiak hautatu ditu horretarako, Martinezen hitzetan "modu batean edo bestean, artelanak denak". 

Mundu mailan hainbat ihesaldik izan duten ospea ikusita, Euskal Herrian gertatu direnei buruz "literatura gutxi" idatzita egoteak harritu du Josu Martinez "beti". Horregatik, euskal gatazkari lotuta, azken 50 urteetan gertatu diren hamar ihesaldiren kronika idatzi du. Laster liburutegietara Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak izenburuarekin helduko dena.

Martinezek aurreratu duenez, ihesaldi "batzuk aski ezagunak izango dira… eta ezezagunak beste hainbat. Bukaera zoriontsudunak zenbait… eta gaizki ateratakoak beste hainbeste. Bakarka egindakoak… edo kanpoko laguntzaz burutuak".

Ez da izan Josuren asmoa gaiari buruzko ikerketa orokor bat egitea. "Lan honen helburua ez zen gertatutako guztia biltzea, ez eta objektibitate historikoz egindako tratatu bat osatzea ere. Hala, bistan denez, istorio asko falta dira. Gehienak. Ez dadila inor haserretu horregatik".