San Frantziskitoko abade aita Roman gogoan

bertonaldizkaria 2014ko ira. 18a, 08:00

Roman Landera apaiza atzo hil zen. Gaur 19:00etan izango da bere aldeko hileta Santurtzin, bere jaioterrian. Igandean, berriz, urtetan zuzendu duen parrokian, Santutxuko San Frantziskito elizan, emango diote azken agurra.

"Auzoak baleki aita Romanek zer egin duen harrituta geratuko litzateke". Joseba Basterra Santutxuko auzotarraren hitzak dira. Ondo ezagutu zuen Basterrak Roman, eta penatuta hitz egin dio BERTON aldizkariari. "Beti laguntzeko prest zegoen", dio. Batez ere "gizarte mailan" egin zuen lana azpimarratzen du Basterrak. Behar zuenari aupada emateko prest: langabeei, etorkinei, presoei... edozein pertsonari.

Presoekin eta euren senideekin sentiberatasun berezia zuen aita Romanek. Besteak bestek, Basauriko espetxeko hainbat preso parrokian izaten ziren egunez aita Romanen kargupean.

Babesa jasoko zutela jakitun, San Frantziskito elizatik hainbat etorkin pasa da azken urteotan. Jatekoa dela edo lana dela Roman beti izan dute ondoan. Atzo, esaterako, Paristik deitu zuen Santutxuko parrokian egondako pertsona batek aita Romanen heriotzaren berri jaso eta gutxira.

Bere ondoan bizi eta lan egindakoak triste geratu dira. "Onena joan zaigu", zioen parrokiako zerginetan lagundu dion andreak. Izan ere, urte asko eman ditu Santutxun abade Romanek. 20 urtetik gora gainerakoei laguntzen.

Hiletak

Aita Romanen aldeko hileta Santurtzin, bere jaioterrian, izango da gaur. Igande eguerdian, berriz, urtetan zuzendu duen parrokian, Santutxuko San Frantziskito elizan, emango diote azken agurra.