Eva La Cuisine izenarekin bakarka hasi zen, baina 2010erako elkarrekin pintxatzen hasi zineten.
Denbora asko pasatzen genuen elkarrekin. Evak Loreari gustatuko zitzaiola esan eta Loreak geldirik egon ezin duenez probatu eta elkarrekin hobby edo jolas antzeko bat hasi genuen. Horrela gaur arte.
AEBetako mugimendu eskuindarraren eta Bostoneko XVIII. mendeko matxinada gogorarazten duen izena aukeratu zenuten.
Izen bat behar genuen eta albisteak ikusten geundela AEBetako mugimendu jarto hori ezagutu genuen. Negar ez egitearren, barrezka hasi ginen ia arnasarik gabe geratu ginen arte. Fonetikoki ere gustatzen zitzaigun. Izen hori jarrita umore ukitu bat emango geniola pentsatu genuen. Handik egun batzuetara gure lagun Ursue Gaminderekin hitz egin eta Bostoneko matxinadaren berri eman zigun. Gaiaren inguruan irakurtzen hasi eta argi ikusi genuen gure izena hau izan behar zela: amerikarrek hiru ordutan 45 tonelada te bota bazituzten uretara, guk hiru ordutan ahalik eta soinu tonelada gehien sortu behar genituela pentsatu genuen.
Pentsatu eta egin.
2012an DJ Hek Sonoran saioa egitea proposatu zigunean baiezkoa eman genion, asko pentsatu gabe, eta minutuek aurrera egin ahala urduritzen hasi ginen. Sei orduko sesio bati baietz esan geniolako eta, gainera, diskoteka batean. Baina badirudi ondo joan zela, han pasa baititugu orain arteko ikasturteko gauak.
Orain, Sonora utzi eta Fever aretoan hasi zarete lanean.
Beste etapa berri bati hasiera emango diogu. Areto handiagoa da, gonbidatzen dituzten kanpoko djek oso maila handia daukate eta horri ere aurre egin behar zaio, etxean egongo balira bezala sentitu behar dira saioa hastean eta hori izango da gure lana. Horretaz gain, hemendik kanpora irtetzeko aukera emango digula uste dugu. Ea horrela den, oso gogotsu gaude etapa berri honi ekiteko.
Azken aldian izen handia hartu duzue, hein handi batean kabinan ezkutatua zeuden dj eredua baztertu eta dena ematen duzuelako egiten dituzuen ikuskizunetan.
Lehenengo pausoak Bilboko taberna txikietan eman genituen eta Sonorara iritsi ginenean eszenatoki formatu hori guretzat ideala zela ikusi genuen. Guretzat beharrezkoa da publikoaren feedback-a, sortzen den sinbiosi moduko sentsazio hori kabina batean ez dago hori lortzerik. Asko begiratzen diogu jendeari eta beraien erritmoa jarraitzea gustatzen zaigu. Filtro antzeko bat da guretzat eta ezkutatuta zauden leku batean ez dugu energia berdin jasotzen. Gure musikak zuzeneko oso kañeroak izaten ditu eta kabina baten barruan ez ginen libre sentitzen. Mikel [Laboak] zioen bezala hegoak ebaki izan bagenitu... Proiektu hau aurrera eraman ahal izan dugu alboan lan-talde aparta dugulako, Noizy Coffeeko Joanes Garmendia eta Leire Goienetxearen laguntza izan dugu diseinu eta ikus-entzunezko lan guztiak egin ahal izateko.
Zergatik aukeratu duzue musika elektronikoa?
Hasiera batean erritmo eta soinu akustikoak pintxatzen genituen: swing, funk, indie... Gero elektroswing-a deskubritu genuen. Bospasei orduko sesio oso luzeak egiten genituenez, bilakaera bat behar zuten eta horrela gure pintxadak musika elektronikoarekin bukatzen hasi ginen. Gutxinaka elektronikaren munduan sartzen hasi ginen. Gure estiloen murrizketa edo identitatea finkatzea Sonoran hastearekin batera etorri zen. Ordutegia desberdina zen, beste dj batzuekin elkarbanatzen genuen gaua, hiru sala desberdin zeuden eta bakoitzean hainbat dj, beraz, poliki-poliki oraingo Las Tea Party sortu zen. Sesio lasaiago bat baldin badugu edo arratsalde partean baldin bada funky, elektroswing... eta bestelako musika jartzen dugu. Baina Las Tea Party DJok jende masak dantzan jartzen ditugunean musika oso, oso kañeroarekin egiten dugu, AEBetakoek bezala. Gogor-gogorra.
Musika mota hori gustatzen ez zaion edo entzutera ohituta ez dagoen askok esaten du zuen sesioak primerakoak direla. Zein da jendea dantzan jartzeko sekretua?
Gure sesioetan musikak pisu handia du, baina garrantzia gehiago du gure artean momentu on bat pasatzen ari garela sentitzeak. Bat garela sentitu eta denok batera dantzan egin biharko arazoak gogoratu gabe. Sentsazio kontua dela uste dugu, hemen, Euskal Herrian musika elektronikoak ez baitu inoiz horrelako erantzun masiborik izan. Gainera, DJen mundua nahiko ilun bezala ikusi izan da eta horri buelta eman nahi izan diogu. Eszenatokian egoteak publikoarekin harreman estua mantendu eta jendeak gustuko duen show desberdin bat sortzea lortu dugu. Euskal Herrian jendeak dantza eta salto egiteko gogo duela ikusi dugu.
Nondik hartzen dituzue remix-etarako abestiak edo zeintzuk dira zuen erreferenteak?
Gaur egun Interneten bilatzen eta topatzen dugu guztia. Erreferentzia batzuk irratia entzunez eta gustuko ditugun artistak jarraituz hartzen ditugu. Horiek erreferente artistikoei dagokienean, erreferentzia teknikoak gure inguruko DJengandik hartu ditugu. Zorte asko izan dugu eta hainbat DJrekin konpartitu ahal izan ditugu gauak eta beraien trikimailuak, ekualizazioak, efektuak, ordenagailu programak, tresneria... ezagutzeko aukera izan dugu.
Konpartitzeaz ari garela, zein DJrekin konpartituko zenukete gustura saio bat?
Oso galdea zaila da, baina bat aipatu beharko bagenu, azken aldian Gernikako El_Txef_a-ren lanez maiteminduta gaude. Gernikatik mundura! Oso lan fina egiten ari da estudio barruan zein zuzenekoetan. Kalitate eta soinu selekzio oso elegantea ari da biltzen, beraz, plazer hutsa litzateke berarekin egotea.
Asko prestatzen dituzue sesioak ala publikoaren arabera bide bat edo beste aukeratzen duzue?
Beti esaten dugu maleta ondo prestatuta eroan behar dela, baina sesioa ordea ez. Publikoa desberdina dela segituan igartzen da eta gertatuko dena ezin denez aurreikusi denbora guztian publikoarekin harremanetan gaude eta horrela joaten gara sesioa osatzen. Beraiek aukeratzen dute bidea normalean.
Herririk herri ibili zarete udan gelditu ere egin gabe, baina berezia da zuentzat etxean jotzea?
Guretzat oso berezia izan da Bilbon, etxean, jotzea. Aktuazio bat ez da momentuko showa bakarrik, ekitaldi guztia antolatu beharra dago eta jende asko inplikatzen duzu. Ilusio handiarekin prestatu genuen denon artean. Bilbon zerbait berezia egin nahi genuen eta Euskalgunea eta Sonort-ekin batera posiblea izan zen. Mundiala izan zen Euskalgunean gertatu zena. Bilbainada hutsa! Oraindik oilo ipurdia kendu gabe gabiltza. Jende asko bildu zen bertara eta denak saltoka ikustea liluragarria izan zen. Gainera, lehenengo aldia zen 360 graduko estruktura ireki batean pintxatzen genuela. Edonon geneukan publikoa eta denei begiratu ahal izateko bi mahairekin joan ginen horrela norabide guztietan pintxatu ahal izateko. Esperientzia berri eta ahaztezina izan zen guretzat, beraz eskerrik asko posible egin zenuten guztioi. Oso pozik geratu gara izandako erantzunarekin, beraz prestatu zaitezte hemendik aurrera etorriko dena asimilatzeko.
Etengabe berritzea gustatzen zaizue gero.
Aurten denetik egin dugu. Egia da aldatzen joaten garela, baina ez dago mahai gainera igotzea bezalakorik. Azken aldian tximinoen pare gabiltza, baina jendea gorilen pare jartzen da. Showari ukitu berezi bat emateko instrumentuak zuzenean sartzen saiatzen ari gara baina denbora behar dugu oraindik. Honek produkzio maila altua behar du eta oraindik ikasten gabiltza.
Zer sentitzen duzue eszenatokira ateratzen zaretenean?
Eszenatokira igo aurretik tripan urduritasuna sentitzen dugu eta hori da eduki dezakezun sentsaziorik politena. Suposatzen dugu inoiz urduritasun hau kenduz gero, disdira ere kenduko zaigula. Momentu oso polita da irten aurretik pasatzen duzuna. Bukatzean pasatzen duzun unea ere oso polita da. Egia da publikoarekin zauden momentua indartsua dela eta asko betetzen zaituela baina bukatzean, eta inork ez gaituenean ikusten, airea sakon hartu, nekea sentitu eta irribarre egin ondoren, egindakoa egiteko kapazak izan garela pentsatu eta gertatutakoaz konturatzen hastean bete egiten zara. Ilusio handia egiten digu guzti hau bizitzeak. Milesker astokilotxo denei!