Ekhi eskolara eramaten hasi naiz goizero eta eskolara bidean gurasoen elkarrizketak entzuten saiatzen naiz zer edo zer ikasteko asmoarekin, errezeta magikoren bat eskapatuko zaielakoan… eta halako batean “eskolaz kanpoko ekintzak” heldu zitzaidan belarrira. Pelikuletako flashback bezala antzerki eskolak ematen nituen garaia etorri zitzaidan burura eta hotzikara batek gorputz guztia zeharkatu eta hotz geratu nintzen.
Ikastola zein eskoletan antzerki eskolak emateak ez du inongo misteriorik, are gehiago, lan atsegina dela esan dezaket. Ikasleei esperimentatzeko eta jolasteko aukera ematen bainien, inolako helbururik gabe, gozatzearen eta askatzearen intentzioarekin, besterik ez. Baina ipuin magiko guztietan gaizto bat egoten da, pertsonaia negatiboa… GURASOAK! Beraien helburu inozoekin beti. Euren seme- alabak famatuak izango ziren galdezka, eurek bete ez dituzten ametsak euren haurrek betetzeko presioarekin.
Guraso maiteak, utzi zuen seme-alabak lasai, gozatu zuek bizitza eta egin amesten duzuen hori beraien adibide izan gaitezen. Izan daitezela nahi dutena eta gozatu dezatela musikaz, karateaz, antzerkiaz edota hodeiak begiratzeaz, baina goza dezatela bizitzaz! Haur eta gurasoak askatu!
Ongi bizi!