Joxe Garcia Mijangos, 18/98 sumarioko preso ohia: “Sinetsi behar dugu hau aurrera aterako dugula”

bertonaldizkaria 2014ko aza. 11a, 11:55
Argazkia: Iñigo Azkona

Audientzia Nazionalean izan den sumario handienetako batean epaitu zuten beste auzokide eta euskal herritar batzuekin batera. Auzitegi Gorenak zazpi urte eta erdira murriztu zion zigorra eta osorik beteta etxeratu da santutxuarra. Ez du itxaropen apurrik galdu, Joxek berezkoa baitu baikortasuna. 

Zelan egokitu zara kartzela kanpoko bizitzara?

Egia esan, astebete pasa eta gero nahiko ondo nago. Hasiera kosta zitzaidan batez ere. Lehen eguna oso polita izan zen: espetxetik ateratzea, bidaia, harrera... baina biharamuna eta hurrengo egunak apur bat gogorrak izan dira.

Zergatik?

Bizimodu berri batera egokitu behar duzulako, batez ere etxean, familiarekin, ez nengoen ohituta ume txikiekin egotera, eta hori piloa nabaritzen da. Baina uste dut bat-bateko gauza izan dela, nahiko arin gainditu dudana, jakinda oraindik bide asko dudala aurretik.

Zure bizitza pertsonala asko aldatu da azken urte hauetan.

Bai, gure alaba handiak 10 hile zeuzkan espetxeratu nindutenean eta orain ia zortzi dauzka, eta bigarren alaba bi urte betetzeko dago. Aldaketa itzela izan da niretzat.

Zelan topatu duzu Santutxu?

Aldaketa handi-handiak ez ditut ikusi. Gehien bat arkitektonikoki aldatu da auzoa, toki zehatz batzuk, Karmelo kalea adibidez. Eraman nindutenean hustuta zegoen beheko parkina egiteko eta orain, heltzerakoan, aldaketa fisikoa ikusi dut. Miribilla eta Boluetako sarrera Santutxurantz erabat aldatuta dago, eta komertzio eta taberna berriak ere ikusi ditut. Baina, orokorrean, aldaketa asko ez dut sumatu.

Santutxuarrek harrera egin zizuten auzora heltzean. Zelako unea izan zen?

Erabat hunkigarria. Ez nuen espero horrenbeste jende eta hain prestaketa polita. Espero nuen lagun batzuk egotea, lau hitz botatzea eta kito. Baina eszenatokia, bertsolaria, txistulariak, jendetza... suziriak ere bota zituzten. Han egon ziren guztiei eskerrak eman nahi dizkiet eginiko harrera politagatik. Une txarra ere izan nuen ikusten bainuen ezagun pilo bat, denak agurtu nahi nituen eta ezin nuen.

Zazpi urte eta erdi eman dituzu preso. Nola gogoratzen duzu espetxean emandako denbora?

Atzera begiratuz gero esango dizut oso arin pasa direla zazpi urteak. Badirudi ez naizela etxetik kanpo egon. Baina apur bat sakonduz gero, lehen hileak nolakoak izan ziren eta, oso urrun ikusten dut. Kontraesana da. Finean, jende berberarekin harremana daukat, gutxi gorabehera berdin daude... baina bost minutuz pentsatuz gero, zenbat gauza gertatu diren urte guzti hauetan.

Presoaren bizitza gogorra da?

Preso dagoena preso dago eta barruan behin sartuz gero berehala ohitzen zara bertako bizitzara. Baina senideak eta gertuko lagunak astero-astero bidaitzen ikustea da gogorrena, eguraldi ona edo txarra izan. Besarkada handi bat bidali nahi nieke senide guztiei.

18/98 makro-sumarioan epaitu zintuzten beste 52 euskal herritarrekin batera. Epaiketaren oroitzapen berezirik gordetzen duzu ala ahaztuta duzu?

Erdi ahaztuta daukat. Egunerokotasunean, bai orain bai espetxean, ez dugu asko pentsatu horretan. Noizean behin elkarrizketetan ateratzen zen gaia, egia baita oso epaiketa gogorra izan zela. Ia-ia urte eta erdi eman genuen astero Madrilera jaisten hiru egunerako. Batez ere azkenengo boladan umea jaio berria zegoen eta hori bai gogorra izan zen. Gogoratzen dut hainbat lagun izanik aukera izan nuela jende berria ezagutzeko eta bistaz ezagutzen nituenekin harremana sakontzeko. Hori, behintzat, polita izan zen. Beti bilatu behar da zerbait baikorra ez dagoen lekutik ere.

18/98 makro-sumarioan zigortutako lagun batzuk irten dira kartzelatik eta beste batzuk denbora gehiago eman beharko dute espetxean. Zein sentipen duzu?

Kaleratzen zaituztenean beti gelditzen zaizu barruan errudun sentimendua, ni banoa baina barruan geratzen dira lagun batzuk, sumariokideak izan edo ez. Euskal Preso Politikoen Kolektiboan jende asko dago, oso kolektibo anitza da eta guztiengatik geratzen zara errudun sentimendu horrekin. Gero, berehala gainditzen duzu. Orain niri tokatu zait, aurrekoan beste batzuei tokatu zitzaien bezala, eta listo. Auzokideak eta sumariokideak apurka-apurka hasiko dira ateratzen eta ez zait oso gogorra egiten badakidalako hor dagoela bukaera. Beste kasu batzutan luzerako kondenak dauzkate eta horien kasua egiten zait gogorragoa. Ikusten dut oraindik kristoren lana dagoela egiteko bai auzo mailan, bai hiri mailan, bai Euskal Herri mailan, finean, preso guztiak etxera ekartzeko. Tamalez, bide luzea izango da. Ezin dugu etsi eta egunerokotasunean lan egin behar dugu helburu hori lortu arte.

28 euskal gazte epaitzen ari dira 1/12 sumarioaren baitan. Horietako bi santutxuarrak dira. Identifikatzen zara eurekin?

Guztiz, horiekin eta askoz gehiagorekin. 28en kasuan, bai identifikatzen naiz beraiek pairatzen ari direlako duela urte batzuk guk pairatu genuena. Pentsa daiteke ez dela ezer ere aldatu, nahiz beste batzuk esan aurreko 40ak libre geratu zirela. Animoak eman nahi dizkiet denei. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Ezinezkoa da iragarpen bat egitea Audientzia Nazionalarekin; ondo atera dadila desiratzen diet.

Egungo garai berriarekin itxaropentsu zara?

Ezagutzen nauen jendeak badaki beti izan naizela baikorra bizitzako arlo guztietan. Horrek ez du esan nahi gauzak ez ditudanik ikusten. Gustatuko litzaidake prozesu berri honek askoz ere arinago aurrera egitea helburuak ahalik eta arinen lortzeko, baina badakit prozesu hauek ez direla errazak, ez hemengoa ez bere garaian nazioartean izan diren beste prozesuak, sekula ez dira errazak izan. Oztopoak egongo dira eta gainditu egin behar ditugu, ezin dugu beldurrez egon, ezin dugu dena beltz ikusi. Lan, lan eta lan egin behar dugu eta sinetsi behar dugu hau aurrera aterako dugula, batera edo bestera, gure helburuak lortuko ditugula. Hori argi daukat. Ez dakit noiz, baina lortuko ditugula argi daukat.

Zeintzuk dira zure helburuak?

Harremana berreskuratzea familiarekin eta lagunekin, gertuko jendearekin. Esan ohi da galdutakoa berreskuratuko duzula, eta nik beti esan dut hori ez dela berreskuratzen. Galdutako hor geratzen da. Hori onartu egin behar da eta horrekin bizi. Orain aurrera begiratu eta sakonago bizi behar dut, datorrena topera aprobetxatu. Arlo politikoan, oraindik denbora beharko dut kokatzeko.

Non ikusten duzu zure burua?

Denborak esango du. Zoritzarrez edo zorionez, herri honetan toki asko daude norbere burua kokatzeko. Lan ezberdin asko dauzkagu egiteke. Nonbaiten aurkituko dut tokia.